Hamarkada batzuk atzera, Upelio festan

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 8a, 01:00

Upelio Eguna abenduaren 15ean egingo da aurten. Gazte Asanbladak arratsalde eta gaur parterako egitaraua prestatu du, 20eko hamarkadan girotuta.

Besteak beste afaria egingo da Zipotzan, gaueko 21:30etan, eta afari txartelak salgai daude dagoeneko, Zipotzan bertan. Hilaren 13a izango da erosteko azken eguna.

Kontzertua, afaria eta giroa
Abenduaren 15eko egitarauari arratsaldeko 19:00etan emango diote hasiera. Zipotza ondoan kontzertua emango du herrikoa den Chimamanda musika taldeak.

Hauen emanaldia bukatuta, triki-poteoa egingo da, gose pixka bat egiteko aitzakian, eta gaueko 21:30etan egingo da afaria, Zipotzan. Afari txartelak, esan bezala, aurretik erosi behar dira.

Soineko, sonbrero eta pintzadun galtzak 
Egitarauaz gain, festa eguna girotzeko, modu jakin batean janzteko eskatu du Gazte Asanbladak, egun horretarako: 1920eko hamarkako jan­tziekin, hain zuzen.

Garai hartako emakume janzkerari dagokionez, orkatila agerian uzten duten eta gerrialde zabaleko soinekoak gomendatu dituzte, eta osagarriei dagokienez, lepoko luzeak, media beltz edo txuriak eta sonbrero edo diademak. 

Gizonezkoen janzkera imitatzeko, berriz, pintzadun galtza beltz edo urdinak, txalekoa, alkondara txuria, pajarita, beroki luzeak eta kapela. 

Eta hortik aurrera, norberaren imajinazioak ematen duena! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!