Indarra hartzen ari da emakumeen esku pelota, azkenaldian; eta martxan diren bi torneoetan, protagonismoa dauka Hernanik ere.
Batetik, bihar jokatuko dira Emakume Master Cup txapelketako finalak, lau t’erdian; eta elite mailakoan, Patri Espinar ariko da, Olatz Arrizabalagaren kontra. Azkoitian izango da, eguerdiko 12:00etan hasita. Zuzenean emango du finala ETBk.
Frontoiari ezin neurria hartu hasi zuen txapelketa, Hernanin aritutako pelotariak; baina hobera egin, eta sekulako mailan iritsi da finalera. Aurreneko finala izango du lau t’erdian, aurreko urtean kanpoan zelako, Kolonbian, Munduko One Wall Txapelketan; buruz buru zein binaka izan zen txapeldun, bertan.
Amaia Araiztegik semifinala, Eibarko Astelenan
Binakako Munduko Txapelketa hura, Amaia Araiztegirekin irabazi zuen Espinarrek. Eta hain justu, Araiztegi bera da, orain beste torneo bateko txapelaren bila ari dena. Bankoa-DV Torneoa jokatzen ari da, Hernaniko taldeko mallabiarra, eta semifinaletara iritsi da dagoeneko, lau t’erdian. Gaur bertan jokatuko du, Eibarko Astelena frontoian, arratsaldeko 16:30etan hasita. Miren Larrarte bidaniarra izango du aurrean, finalerako txartela lortzeko asmoz.
Final laurdenetan, nagusitasunez irabazi zion Araiztegik, Hernaniko taldean dabilen beste bizkaitar bati; Ainhoa Urien abadiñarrari (22-6).
Sasoiko dagoela erakutsi du Araiztegik, azaroan Bizkaiako Binakako Txapelketaren finala galdu bazuen ere (12-22), Maite Ruiz de Larramendirekin.