Komikigintzaz ikasten, Unai Gaztelumendi marrazkilariarekin

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 8a, 01:00

Marrazkilari eta komiki egilea da Unai Gaztelumendi añorgarra, eta pasa den azaroaren 30ean Astigarragako Herri Eskolan izan zen, ikasleekin komikigintzaz aritzeko.
Lehen Hezkuntzako laugarren mailakoen B gela bisitatu zuen, eta ikasleen galderak erantzuteaz gain, marrazki batzuk ere egin zituen.

Euskaraldirako komikiak, abiapuntu
Gaztelumendik Euskaraldi­a­ren bueltan egunero komiki segida bat egin du, eta horren harira ezagutu dute ikasleek, komikigintza lantzen ari bai­tziren eskolan.
Hori horrela, eta komikigilearen marrazkiak oso gustuko dituztenez, Gaztelumendi gonbidatzea erabaki zuten. Hasteko, hainbat galdera egin zizkioten: Arte Ederrak ikastea zaila izan ote zen, komikigin­tzarako zaletasuna noiztik edota nondik datorkion, komikiak egiteko hainbeste ideia nondik sortzen ote zaizkion... Guztiak erantzun zituen añorgarrak, eta marrazkiak egin zituen ondoren.
Gelako arbela digitala erabili zuen horretarako, egindako lana gorde ahal izateko. Horietako bi dira hemen ageri diren karikaturak. Batetik, Itsaso irakaslearen karikatura egin zuen, umorea ardatz hartuta. Bestetik, pertsonaia berri bat sortu zuen. Horretarako, ikasleek emandako ezaugarriak izan zituen kontuan, haiek esandakoaren haritik irudia sortzeko. Bisitarekin pozik, tarte atsegin bat pasa­tzeaz gain, marrazkigintzaz asko ikasi zuten ikasleek.
Gaztelumendiren lanak, interneten
Herri Eskolako ikasleek gertutik ezagutu ahal izan dute Unai Gaztelumendi marrazkigilearen lana, baina nahi duenak interneten ikusi dezake www.ugaztelu.org webgunean.
Euskaraldiaren harira egin­dako komikiez gain, lan gehiago ere bildu ditu bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!