EAEko 10 udalerri gardenenen artean dago Hernani, Dyntraren arabera

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 7a, 01:00

Dyntra indizeak 159 neurgailu erabiltzen ditu Udalen gar­den­tasuna neurtzeko, eta  EAEko udalen azterketaren emai­tzak argitaratu berri di­tu. Horren arabera, Hernaniko Udala EAEko 15.000 biztanletik gorako udalerri gardenen ar­te­an 9garren postuan dago, era­biltzen diren 159 neurgailuetatik 78 beteta; hau da, %49 beteta.

Aurreneko hiru postuetan Bilbo, Gasteiz eta Donostia daude hurrenez hurren, neurgailuen %89 eta %88 beteta.

Udalak jakinarazi du «mun­du mailako aurreneko plataforma parte-hartzailea» dela Dyntra, erakundeen gobernu irekiaren kudeaketa neurtzen duena.

Udal antolaketa eta ekonomia datuen gardentasuna, nabarmen
Udalen gardentasun maila neur­tzeko Dyntra indizeak era­bilitako 159 neurgailuak sei gaitan banatu dira: udal antolaketa, parte-hartzea, ekonomia, kontratazioa, hirigintza eta datuen gardentasuna. 

Uztailetik azarora %32tik %49ra egin da, gardentasunean.

Her­naniko Udalaren ka­su­an, %100 betetzen dira udal antolaketari buruzko datuei dagozkien neurgailuak; hau da, Open Data. Ekonomia da­tuen gardentasunari lotutakoak, be­rriz, %59,26an bete­tzen dira; hi­rigintza eta obra publikoen ingurukoak %50e­an; datuen gardentasunarenak %48,39an; parte-hartzearenak %45,45e­an; eta zerbitzuen kontratazioarenak %33,33an.

Kronologikoki gardentasunerantz egin den bilakaera ere erakusten du Dyntrak; uztailetik azarora %32,08tik %49,06ra pasa da Hernani.

«Hobetzeko pausoak ematen jarraituko dugu»
Inhar Olano, modernizazioko zinegotziaren esanetan, datu hauek «Udal Gobernuak azken urteotan gardentasunaren alorrean egindako lanaren emaitza» dira. «Gobernu programan hartutako konpromisoei jarraiki, Udala eta herritarren arteko harremanak hobetzeko pausoak ematen ari gara. Gure gobernantza eredua herritarren parte-hartzean oinarritzen dugu».

Era berean, emitza ona bada ere, hobetzeko badagoela gaineratu du. «Udala  herritarrei irekitzen jarraitzeko konpromisoa dugu, eta gardentasunean eta herritarrekin ha­rremana hobetzeko pausoak ematen jarraituko dugu». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!