Gizarteak gobernu-erakundeekiko duen desafekzioa nabarmentzen dute Gipuzkoan egiten diren azterketa soziologiko gehienek; aldi berean, lurraldearen dinamikotasuna ere azpimarratzen dute.
Bi horiek batu eta geroaz aritzeko, mintegia antolatu du Oreki Fundazioak hilaren 13rako, hurrengo ostegunerako, Herrigintza demokratikoaz, Etorkizuna Eraikitzen izenburupean. Izan ere, antolatzaileak azaldu duenez, «gure herrigintzaren bi zutabe horiek (politikagintza eta gizartegintza) lankidetza eragingarrian jartzea litzateke etorkizuneko elkarbizitzarako dugun erronkarik nagusiena».
Galarretako Orona Ideo eraikinean izango da mintegia, goizeko 09:15etan hasi eta eguerdiko 14:00ak bitarte.
Manuel Castells, aurretik
Mintegia ostegunean bada ere, aurreko egunean, Manuel Castells irakasleak egingo du irekiera-hitzaldia: «demokrazia liberalaren krisia izango du hizpide. Mendebaldean nagusi den sistemaren legitimitatea higatu duten prozesu globalen erroak azalduko ditu». Arratsaldeko 19:00etan hasita izango da, Donostiako Foru Aldundiaren egoitzan.
Goiz osoan zehar
Hurrengo egunean, «hausnarketaren haria globaltasunetik tokikotasunera ekarriko da, egungo euskal herrigintzak dituen erronkak eta garabideak aztertzeko». Horretarako, politikagintzan eta gizarteko hainbat alorretan dabiltzanek eskainiko dituzten hitzaldi eta mahai-inguruekin goiz osoko programa osatu dute.
Hizlarien artean izango dira Mondragon Unibertsitateko irakasle Andoni Eizagirre eta Jon Sarasua; Deustuko irakasle Ion Muñoa; Tknikako Iñaki Mujika; Ubikareko Nerea Amenabar; Goierri Valleyko Jose Luis Perez; Xabier Barandiaran, Pello Otxandiano edota Mikel Diez-Sarasola.
Izenematea, derrigorrezkoa
Parte-hartzea irekia da, baina plaza mugatuak direla eta, aurretik eman behar da izena: orekigintza@gmail.com edo 687 736 587.