Beste sari bat jaso dute Lanbide Heziketako ikasleek. Oraingo honetan, pasa den azaroaren 27an burututako Ikasenpresa Kongresuan izan zen, Donostiako Tabakaleran. Hiru sarietako bat jaso zuen Aisha, Endika eta Jokinek sortutako Hirueko enpresa-ideiak.
Fabrikazio Mekanikoaren Diseinuko ikasle talde bat da, eta ondorengo ideiarekin izan zen saritua: «Zabor bilketa selektiboa egin nahi duten herri eta enpresentzat diseinu berritzailea eta haien identitatearekin lotuta dauden zabor ontzien diseinua egiten dugu. Diseinutik gatozen hiru gazte gara, ideia berritzaile eta kooperatiba berri baten sorrera sustatu nahi dugu Hiruekoren (enpresa ideiari eman dioten izena) bitartez».
Prototipo bat, kongresurako
Ikasenpresa Kongresurako, 3D inprimagailu bidez prestatutako zaborrontzi prototipoa aurkeztu zuten, enpresa-ideiaren xedeari jarraituz.
Hain zuzen, Hernaniko herrian jartzeko ideia bat da, eta horretarako, errugbiko baloi itxurako zaborrontzia diseinatu dute; bost konpartimentu ditu, birziklapena bultzatzeko.
Errugbiak herriarekin daukan loturaz aparte, talde lanaren adierazle ere badela azaldu zuen ikasle taldeak.
Hori guztia laburbiltzeko, eta ideiaren defentsa egiteko, ondorengo bertsoa bota zuten aurkezpenean.
Naturak badu etsai handi bat
Badugu zerbait hobetzeko
Auzo lanean egin behar dugu
Ingurua babesteko
Rugbya eta birziklapena
Talde lan horri eusteko
Zaborra ongi sailka dezagun
Hortan dabil hirueko
Euskal Herria zaintzeko