Duela hamar egun aurkeztu zuen Ricardo Crespo, Hernaniko PSE-EEk, 2019ko udal hauteskundeetarako alkategai gisa. Eta aurkezpenean egin zituen adierazpenen artean, «bi mezu kezkagarri» bota zituela adierazi du Hernaniko EH Bilduk.
Garraio publikoari buruzkoa da aurrenekoa: «Crespok dio, hiriarteko garraioaren lizitazio berria martxan jartzeagatik kritikatzen dituela EH Bilduk. Baina zalantza bat; Hernaniko ordezkari bezala ari da, edo Aldundiko gobernuaren aholkulari bezala? Hernaniarron interesen alde egingo duela esaten du, baina bere hitzetan antzematen da Aldundiaren interesak gainetik jartzen ari dela... Gainera, ez dugu kritikatzen PSEk Aldundian lizitazio berria martxan jarriko duenik, baizik eta lizitazio horrek hernaniarren garraio publikoan murrizketa ekarriko duela».
«Gezurra da Udal Gobernuak ez duela harremanik beste erakundeekin»
Eta bestetik, EH Bilduk salatu du «gezurra» dela, Udal Gobernuak ez duela harremanik beste erakundeekin: «Hernaniko Udal Gobernuak harreman ugari ditu beste erakundeekin; alkateak eta zinegotziek maiz egiten dituzte bilerak, eta harremanak normalizatuta daude Aldundiarekin, Jaurlaritzarekin, beste udalekin, baita Chillida-Lekurekin ere». Eta dio, beharbada «beste mota bateko harremanei buruz» ari dela PSE-EEko alkategaia: «Denis Itxasok inolako lotsarik gabe adierazten duen bezala, PSEk agintzen badu udalean, Aldundian lagun bat ziurtatuta izango du.
Diputatu nagusiordea ari al da esaten, PSEk gobernatzen dituen udalek Aldundiaren aldetik mesede eta inbertsio bereziak jasotzen dituztela? Esaten ari al da Aldundiak gipuzkoar guztion dirua gobernuan dauden alderdien interesen arabera bideratzen duela? Euskal erakundeetan agintzen duten bi alderdien klientelismo sarea inongo lotsarik gabe promozionatzen ari al da?».
Bilera irekia, bihar
Bestalde, bilera ireki baterako deialdia luzatu du EH Bilduk, biharko. Iluntzeko 19:00etan izango da, Biteri kultur etxean, eta herriko kirolari, elkarte eta eragileekin, balorazioa egingo dute, 2015-2019 legegintzaldian Udalak egindakoaren inguruan, jarduera fisikoari eta kirolari dagokionez.