Atzo bukatu zen Hernaniko Xake Txapelketa, ezusteko eta guzti! Eta azkenean, herrian geratu zen txapela: Jose Mari Berrotaran nagusitu da, atzo Eugeny Makarov errusiarrari irabazita. Horrela, 5,5 punturekin bukatu du Berrotaranek, eta 5 punturekin Makarovek.
Errusiarrarekin berdinduta bukatu du Magi Ijurkok ere. Atzo, Udo Esnaolaren kontra aritu zen, eta berdindu egin zuten bi hernaniarrek. Hori horrela, Ijurkok jaso du Hernaniko onenaren saria; Berrotaran izan da herriko onena, baina ez dira sariak pilatzen. Esnaolak laugarren bukatu du, 5 punturekin berak ere, eta berdin Eneko Martiarenak, bosgarren, atzoko garaipenarekin. Oxan Altuna sailkatu da seigarren, eta Julian Romero zazpigarren, biak ere 4,5 punturekin, atzo irabazita.
Devesa anaiak nagusi, haurren txapelketan
Haurren txapelketako onenari ere, atzo eman zioten saria, Ekaitz Devesari. Eta haur eta gaztetxoek, beste aukera bat izan zuten atzokoan: haurren txapelketa azkarra.
Bi kategoriatan aritu ziren, eta gaztetxoen artean, Ekaitz Devesa nagusitu zen berriro. Haurretan, berriz, bere anaia izan zen onena, Beñat Devesa. Beraz, hiru trofeorekin joan ziren etxera, bi anaiak.