Santa Barbara elkartera joan dira aurten, Hernaniko Elkarteen Arteko Mus Txapelketaren bi txapelak. Izan ere, Santa Barbara A taldeko Ion eta Peli nagusitu ziren asteazkeneko finalean, Gure Txoko A taldeko Pavon eta Diegoren kontra, eta beraiek jantzi zuten txapelketaren 34garren edizioko txapela parea.
Hirugarren postua lortzeko lehian, berriz, Karobi A taldeko Mikel eta Mikel izan ziren garaile, eta beraz, laugarren postuan geratu dira Etxeberri B taldeko Mikel eta Euken.
Bi partida erabakigarriak jokatuta, ostiralean egin zuten txapelketa bukaerako afaria. Partida guztiak bezala, Sagastialde elkartean egin zuten hori ere, Aitzol Zugasti sukaldariak prestatutako menuarekin. Eta otorduaz gozatu ondoren, sariak banatu zizkieten, txapelketako bikote onenei.