EAJ-PNVko Udal Gobernuak proposamen bat erregistratu du, non eskatzen den plenora eraman eta Astigarraga Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Sareko parte izatera pasatzea. Proposamena abenduaren 20ko plenoan jorratuko da eta babesa lortu ezkero, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteari kide egiteko eskaera egingo zaio plenoari.
Atzo, 28 urte bete ziren Hiri hezitzaileen Gutuna onartu zela. 1990garren urteko egun horretan Mundu osoko hiri eta herri desberdinen konpromisoa gauzatu zen oinarrizko printzipio batzuekin, helburu bezala hezkuntzaren bultzada zelarik hirietan.
2016ko azaroaren 30etik ospatzen da Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguna. Helburua kontzientzia hartzea da hezkuntza instrumentu garrantzitsua dela gizarte aldaketetarako. Euskal Herriko herri eta hiri desberdinak daude atxikita ekimen honi, besteak beste: Donostia, Ordizia, Ermua, Zarautz, Santurtzi, Barakaldo, Bilbo, Iruña, Lizarra, Baiona eta Gasteiz.
Gobernu Taldeak oso positibotzat hartzen du proiektu honetan murgiltzea. «Hiri Hezitzailea izatea hezkuntza jarduerak eskaintzen dituzten zerbitzuak edo departamentuak izatea baino gehiago da. Eredu berria da, eta eredu horretan hezkuntzak eskola gainditzen du, bai berori garatzen den denborari, bai espazioari dagokienez».
«Gure bizitzan, prozesu iraunkorra da hezkuntza, eta eragile sozializatzaile askok parte hartzen dute prozesu horretan. Eredu berri honetan, hezkuntza-jardueraren esparru sozializatzailea ingurunea da, zentzu zabalenean. Ingurune horrek hezkuntza tipologia guztiak barne hartzen ditu, eta eduki eta aplikazioen aldetik konplexutasuna oso handia da. Prozesu horretan parte-hartzeak funtsezko zeregina betetzen du, eta aukera-berdintasunean eta norbanakoaren eta taldearen promozioan oinarritutako dimentsio globala hartzen du, honako balio hauetan oinarrituta: errespetua, elkartasuna edo gizarte-inklusioa». Laburbilduz, Hiri Hezitzaile bat eraikitzeko giro hezitzailea sortu behar da hirian. yy