Telefono dei batekin hasi zen dena: «eragile ezberdinak gaude herrian, pertsona migratzaileen egoerarekin sentsibilizatuta; Urumea Herrigunea, Amher, Kontrakantxa Gaztetxea... Eta momentu batean, dei bat jaso genuen, esanez kale egoeran zegoen etorkin batek laguntza behar zuela». Aterpe bat lortu zioten pertsona horri, eta aurreneko esperientzia horretatik, dei gehiago jaso dituzte: «ikusi dugu, Hernanin aurrerapauso bat eman dezakegula, eta gure alea jarri arazo honen aurrean», diote.
Horrela sortu dute Hernaniko Harrera Sarea, kale egoeran dauden pertsona migratzaileen beharrei erantzuteko: aterpea, elikadura, osasuna...
Adin guztietako 30 bat lagun, ekimenaren aurkezpenean
Asteartean egin zuten Harrera Sarearen aurkezpen irekia, Biterin; eta 30 bat lagun azaldu ziren, laguntzeko prest: «pozgarria da adin ezberdinetako jendea bildu izana, eta ederra litzateke guztion artean zerbait sendoa sortzea», nabarmendu dute. Izan ere, hori da asmoa: «sare egonkor bat behar dugu, erantzuna emateko beharra daukan jende horri. Behar horiek asetzeko, edozein ekimenetara irekita gaude».
Azaldu dutenez, «harrera lagunekin funtzionatzea» da asmoa: «gauza bat da aterpea lortzea, eta beste bat, hortik aurrera denbora izatea, etorkin horren lagun modura funtzionatzeko. Bermatu nahi dugu pertsona bakoitzak bi harrera lagun izan ditzala, harrera egin aurretik. Eta egun bakoitzeko, erreferentziazko pertsona bat izendatu, larrialdi egoeran berari deitzeko. Ardurak ahalik eta ondoen banatzen saiatuko gara, inor erre ez dadin».
Harrera lagun izatearen garrantzia nabarmendu dute: «zer moduz dagoen galdetzea, adibidez, badirudi oso oinarrizkoa dela. Baina hainbeste ordu pasa behar dituztenean zain, sekulako laguntza izan daiteke, ondoan harrera lagun bat izatea», azaldu dute.
«Gauza bat da aterpea lortzea, eta beste bat, hortik aurrera denbora izatea, etorkin horren harrera lagun izateko. Hainbeste ordu pasa behar dituztenean zain, sekulako laguntza da».
Beharren zerrenda, osatuta
Hasteko, pertsona horiek dauzkaten beharren zerrenda osatu dute (www.kronika.eus webgunean dago ikusgai, osorik), eta arloka sailkatu dituzte, beharrak eta lanak: «batzuk materialarekin soilik betetzen dira; beste batzuek, aldiz, denbora behar dute, lanketa». Horrela, paper kontuak daude, «Amherren bitartez» egin daitezkeenak; ikasketak, enplegua, higienea eta osasuna... Arropa bilketak ere aipatu dituzte, eta garbigailua badaukaten arren, iturgina behar dute. Janariari dagokionez, azaldu dute orain gaztetxea ari dela arduratzen, eta «janari bilketaren bat egitea» planteatzen dutela. Lotarako, berriz, «zortzi lagunentzako aterpea» daukatela azaldu dute: «ez da hori eskatzen duguna, bidelagun izatea baizik». Aisialdian eta komunikazioan (gailuak, hizkuntza...) aurkitu dituzte gainerako beharrak.
Taldeko bilerak asteartero, 20:00etan Biterin
Taldea koordinatzeko, asteartero egingo dituzte bilerak, iluntzeko 20:00etan Biterin; eta edozertan laguntzeko prest dauden guztiei luzatu diete gonbitea, gerturatzeko.