Ahobizi izaten ari da Aranon bizi den Unai Gorrotxategi ostiraletik, Euskaraldia hasi zenetik, eta hala izaten jarraitu nahi du, aurrerantzean ere. Horregatik, erronka potentea jarri dio bere buruari: «nire erronka ohiturak aldatzen saiatzea da».
Izan ere, Gorrotxategik dio: «Euskaraldiak badu arrisku bat, kanpaina soil batean geratzen den ekimenarena. Baina uste dut gehiagorako balio dezakeela. Ahal dudanetik horretan saiatuko naiz».
Arano bezalako herri batean «erraza» dela dio, baina ohartarazten du: «Aranon gaztelania asko entzuten da. Jendeak uste du Arano herri euskalduna dela, eta hala da. Baina jendeak uste duena baino euskara gutxiago hitz egiten dela esango nuke».
Eta ostiraletik, saiakera berezia egiten ari dira, behintzat, 39 aranoarrek (herritarren %39a da, Euskaraldian izena eman duena): «Jendeak euskaraz egiteko ahaleginak egiten ditu. Aurretik gazteleraz egiteko joera gehiago zegoen orokorrean». Hortaz, asteartetik aurrera ere, «horri eusten badiogu, ez da emaitza makala».
‘Belarriprest’ ere izandakoa
Ahobizi izaten ari da Gorrotxategi orain, baina Belarriprest izandakoa ere bada. Izan ere, urtebete daramaki Aranon bizitzen: «duela bi urte neska laguna Aranora etorri zen bizitzera. Ondorioz, Arano ezagutzen hasi nintzen. Gero eta denbora gehiago pasa orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan lekua. Eta alokairu posible bat ikusi nuenean bitan pentsatu gabe etorri nintzen bizitzera».
Aranon finkatuta, hizkerarekin arazorik izan ez duela dio, baina «aurreneko hilabeteetan belarriprest ibili behar izan nuen bati baino gehiagori ulertzeko», onartzen du.
Arriskuak saihestu beharra
Etorkizunean ere Aranok «arrisku haundiak» izan ditzakeela uste du, biztanle gutxi dituela-eta: «Arano beti izan da herri euskalduna, baina horrek ez du esan nahi hala jarraituko duenik. Hau oso kontutan izan beharko genuke. Herrira etortzen den jendeari euskaraz bizitzera gonbidatu behar diogu. Eta ez dakitenei ikastera lagundu eta erraztasunak eman», nabarmentzen du.