Iana Tolstikhina orain zortzi hilabete etorri zen Hernanira eta euskeraz hitzegiteko gai da. Sant Petersburgon, Errusian, jaio eta orain hamar urte Granadan bizitzen jarri zen. Hala ere, lanerako aukera gutxi ikusten zuen etorkizunean eta Euskal Herrira etortzeko prestatu zen. Granadan bertan azken bi urteetan euskerara hurbildu zen. «Eusko Jaurlaritzak interneten duen Ikasten (Habe) plataformaren bitartez hasi nintzen euskera ikasten orain bi urte. Plataforma oso oso ona da. Granadan nengoen, baina nire nahia Euskal Herrira etorri eta lana bilatzea zen. Egunkaria euskeraz irakurtzen nuen, telebista ikusi ere bai, irratia entzun... Granada eta Hernani oso desberdinak dira».
Ianak hizkuntza asko menderatzen ditu, sei guztira, nahiz eta ez denak maila berean «Errusiera, ingelesa, gaztelera, eta alemaniera ongi menderatzen ditut, frantzesa pixk bat ere bai, eta orain euskera ikasten ari naiz» eta egia esan dagoeneko nahiko ongi moldatzen da Iana. «Orain euskeraz frantzesez baino hobeto moldatzen naiz».
Ingeles irakaslea da, akordeoia jotzen ikasten ari da, baita euskal dantzak ere
Granadan zegoela, esan daiteke, euskerarekiko maitasun hori sentitu zuela Tolstikhinak. «Euskera oso garrantzitsua dela Euskal Herrian argi neukan eta hemen bizitzeko prestatu egin behar nuen eta bertako hizkuntza ikasi».
Ingeleseko klaseak ematen ditu. «Oraingoz umeei bakarrik ematen diet eta Inmakulada ikastetxean ere ordu bete ematen dut ingelesa».
Dantza ere oso gustoko du Ianak eta San Joan Konpartsan eman du izena. «Dantzak eta euskal dantzak gogoko ditut, baita musika ere. Nik uste ongi egin dezakedala dantza eta klaseetan nabil. Erromerietan parte hartzen dut. Lagun euskaldun bat daukat Urnietan eta berarekin erromerietara joaten naiz. Gustatuko litzaidake festetan parte hartzea eta taloa egiten ere egongo naiz Santo Tomasetan, bai Hernanin eta bai Donostian ere. San Joan Konpartsakoek erakutsiko didate eta beraiekin egongo naiz».
Ez hori bakarrik, akordeoia jotzen ere ikasi du. «Euskal musika gustoko dut eta akordeoia Errusiakoaren antzekoa da, nere herrian asko erabiltzen da. Hernaniko Musika Eskolan ari naiz ikasten. Azeri Dantzaren doinua ikasten ari naiz».
Errusian bizi zenean Ianak ez zituen euskera eta Euskal Herria ezagutzen. Granadan zegoela ezagutu zuen eta Andaluziako hirian nekatuta, aldatzea pentsatu zuen. «Bero asko egiten du eta niri bizitza zaila egiten zitzaidan. Bizilekua aldatzea erabaki nuen, mapa hartu, informazioa bildu, leku desberdinen baldintzak ikusi eta Euskal Herria aukeratu nuen. Asko gustatu zait eta egia esan, aurretik asko irakurri dut».
«Hizkuntza oso garrantzitsua da, identitatearen parte»
Euskal Herria aukeratuta argi zuen euskera ikastea beharrezkoa zuela. «Dudarik gabe gainera. Hizkuntza oso garrantzitsua da, historia ere bai. Hizkuntza identitatearen parte da eta oso garrantzitsua gainera. Nire ustez denok ikasi behar dugu euskera. Maila dseberdinak egongo dira, hobeagoak edo okerragoak, baina errespetu kontua ere bada».
Iana Tolstikhina irakaslea da eta euskeraren ezezagutzarekin asko galtzen dela dio. «Jende helduak lana egiten du eta denbora gutxi eduki dezake, baina ez jakitearekin asko galtzen da. Batzuei zaila egiten zaie hizkuntzak ikastea eta urte asko bertan pasa, eta hizkuntza ez ezagutzea galera haundia da. Abestiak ez dituzu ulertzen, jendeak euskeraz hitz egiten duenean ez duzu ulertzen, nire ustez tristea da euskera ez ezagutzea. Mailak ez du haundia izan beharrik horretarako».
Euskaraldian partehartzen du eta belarri prest da. «Dantza klaseetan euskeraz hitz egiten dute nirekin, gazteleraz hitz egitea ez dut eskatzen».
«Ez da zaila, bai ordea interesgarria eta berezia»
Eta Tolstikhinak euskera zaila denaren mitoarekin amaitu nahi du. «C1 Maila, altua, zaila izan daiteke, baina euskera jakitea, ulertzea eta B1 maila bat lortzea ez da zaila. Oso ondo ulertu ahal da maila honekin. Komunikatzeko arazorik ez dago, alderantziz, ondo egin daiteke. Oso hizkuntza berezia eta interesgarria da, asko gustatzen zait. Europako hizkuntza zaharrena da eta desberdina. Arrazoi honengatik mantendu behar du bizirik».
Errusiar emakumeak jendea animatzen du euskera ikastera. «Batzuk beldurra izaten dute besteekin euskeraz hitz egiteko, baina ateak zabaltzen ditu, euskaldunei asko gustatzen zaie beraiei euskeraz hitz egitea, normala den bezala. Nire esperientzia positiboa izan da, euskeraz hitz egiten saiatzen naiz eta ondokoak jarrera oso ona eduki du beti. Jendea beti laguntzeko prest dago, edozein zalantza argitzen du eta hitz berriak erakusten dizkit».
Ezagutzaren datuak gorako bide nabarmena izan dute azken hamarkadetan, baina erabilerak ordea ez du hori bizi. «Momentu berezia da eta euskaraldiaren bultzadarekin jendeak euskera gehiago hitz egitera animatzea espero dut». Hamar egun hauetan ekitaldi desberdinetan parte hartzen ari da Iana. Hasierako festan egon zen Donostian, pasa den larunbatean Dobera Euskara Elkartearen 25garren urteurrenean egon zen. «Ahal dudan ekitaldi gehienetan hartuko dut parte. Hernanin festak hurbilak dira eta atseginak».