Azaroko azken astearteko Plenoan ordenantza fiskalak onartu ziren, EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko zazpi botorekin eta EH Bilduren sei aurkakoekin. Beraz 2019rako zergen ordenantza badu Astigarragak. Andoni Gartzia, Bilduko bozeramaileak, banaka bozkatzea eskatu zuen, «posible balitz», baina alkatetzatik ez zuten beharrezkotzat jo eta bere osotasunean bozkatu ziren.
Gartziak aipatu zuen hamaika ekarpen egin dituela EH Bilduk eta ez direla onartu bakarra izan ezik. «Etxe hutsei errekarguak, familia ugarientzako hobariak, adinekoen eguneko arreta zerbitzuaren doakotasuna eta etxeen eraberritzetarako tasetan hobariak proposatu ditu EH Bilduk besteak beste. EAJk EH Bilduren ekarpen guztiak zapaltzeko duen estrategiari jarraiki, alegazio bakarra onartu dio EH Bilduri. «PSE-EEren alegazioa onartu egin behar genuen, EAJrenean abstenitu eta gainontzekoak aldeko botoarekin bozkatu behar genituen, baina ikusirik gure alegazioak ez direla onartu, aurka bozkatu dugu».
Zorione Etxezarraga alkateak erantzun zuen etxe hutsen errekargua ez dela eraginkorra. Haur bakarreko guraso bakarreko alegazioaren inguruan beste herritakoen pare jarri nahi da eta juridikoki nola egin zain daude. «Haur emanaldi eta kultur emanaldien ikusleak bikoiztu egin dira legealdi honetan».
Hirugarren puntuan partehartze, informazio eta gardentasunaren ordenantzaren aldaketa zehatza onartu zen EAJren eta PSEren aldeko zazpi botorekin eta EH Bilduren aurkako seirekin.
Haurreskolarako lokala haundiagoa
Aho batez onartu zen Haurreskolarako lokala egokitzea 800 metro karratura Kontxa Etxeberria 10-11n. 2017ko apirilaren 26ko akordioa, 450 metro karratuko lokala hartzearena, bertan behera uzten da. PSE-EE eta EH Bildu pozik agertu ziren eta alderdi abertzaleak «bi urte galdu dira» aipatu zuen. «2016ko azaroaren 19an onartu zen» eta zentzu berean mintzatu zen alderdi sozialistako Mikel Duran.
Zorione Etxezarragak haunditzea «beharrak justifikatu gabe egiten da, baina onartzen dugu».
Gai gehienak aho batez
Ildo berean aho batez onartu ziren bosgarren, seigarren eta zazpigarren puntuak: astigarragako udalaren eraikin, dependentzia eta instalazioak kontratua uztea; Lankidetza-hitzarmena Beterri-Buruntza eskualdean bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako gizarteratze eta laneratze programaren zerbitzurako; Batzorde Informatiboaren izena aldaketa onartzea pertsona nagusien, Aguijupen elkartearen, eskaera.
Andoni Gartziak liberatu izateari utzi dio
Zortzigarren puntuan Andoni Gartziak zinegotzi liberatu izateari uko egin izanaren berri eman zen. «Kontu profesionalengatik». EH Bilduko bozeramaileak aurkeztutako ekimenak liberatu zenetik ezagutarazi zituen.
«1.258 ekimen hiru urte terdi hauetan». Bozeramaile izaten jarraituko du Andoni Gartziak eta Batzordeetara joan ahal izateko eta lana bideratu ahal izateko eguerdiko azken orduetan edo arratsaldetan izatea proposatu eta eskatu zuen.
DBH Mendiaundi-Aranibarren berretsi da
Informazio, galdera eta eskarien aurretik EH Bilduren mozioa aurkeztu zen DBHko eraikina egiteko Mendiaundi-Aranibarren eremua berresteko. Zazpi boto izan zituen alde mozioak: sei Bildurenak eta PSE-EErena eta EAJ-PNV abstenitu egin zen.
2015eko ekainaren 16an DBHko partzela Mendiaundi-Anibarren kokatzen duen Plan Orokorraren aldaketa puntuala behin-betikoz onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.
2016ko uztailaren 16an, Astigarragako Herri Eskolako Guraso Elkarteak aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuen Astigarragako Udal Osoko Bilkurak. Mozioan, besteak beste, legealdia amaitzerako DBHko partzela eskuratua eta hiritartua egon behar zela onartu zen.
Honela mozioan DBH Institutuaren kokapena Mendiaundi-Anibarren izan behar duela berretsi da. DBH Institutua Txalakan kokatzearen proposamena behin-betiko bertan behera utzi du Udal Osoko Bilkurak.
DBH Institutuaren partzela jabetzan eskuratzeko 2018ko urtea amaitu baino lehen, tramite administratiboei ekingo zaie. 2019ko lehen hiruhilekoan DBH partzelaren hiritartze-proiektuaren idazketa esleitzea eskatu du Udal Osoko Bilkurak.