Donostiarra da, berez, Lourdes Corral, baina Astigarragan bizi da, eta bertan izaten ari da Belarriprest, izan ere, «ulertzen dut, baina ez dut hitz egiten». Liburudenda bat dauka herrian, eta erronka nagusia bertan ari da gauzatzen: «Ahobiziei eskatzen diet hitz egin dezatela!».
Haurrekin, errazago
Bezeroei zuzendutako erronka hartu du Lourdes Corralek hamaika egun hauetan: «bezeroek euskeraz hitz egin diezadatela da nire erronka». Izan ere, dioenez, gehiengoak «badaki ulertzen dudala», baina «ez didate euskeraz egiten, gaztelaniaz jarraitzen dute».
Haurrekin, ordea, errazagoa dela adierazten du: «haiekin, hitz batzuk euskeraz egiten ditudanean, esaten dute: badaki euskeraz!’; amatxoek, aldiz, kosta egiten zaizula ikusten dute eta segituan aldatzen dute gaztelaniara», onartzen du Astigarragako Belarriprestak.
«Ama, euskera ikastolan»
Seme-alabekin ere pasatzen zaiola dio: «11 urteko ume bat daukat, berarekin saiatzen naiz euskeraz hitz egiten, baina berak ixiltzeko eskatzen dit». Eta alabarekin ere, berdin: «berak askotan esaten dit: ‘ama, euskera ikastolan’». Horregatik, gaztetxoek geroz eta gutxiago hitz egiten dutela uste du Corralek.
Dena den, hiria eta herria alderatzerakoan, desberdintasunak nabariak dira, bere ustez: «nire seme-alabek Donostian ikasten dute, eta alde haundia dago Astigarragarekin; hemen gehiago entzuten da!»
Donostian jaio zen bera ere, eta bertan hasi zen euskera ikasten: «Franco hil zenean 11 urte nituen, ordura arte, euskera debekatuta zegoen, eta 14 urterekin izan nuen aurreneko aukera euskera ikasteko. Alfabetatze-mailara arte iritsi nintzen, baina gero kanpora joan nintzen bizitzera».
Lagun bati esker, ‘Euskaraldian’
Corralek onartzen du lagun bati esker dagoela Euskaraldian: «gai honen bueltan dabilen lagun bat daukat, eta nahiko ‘kañera’ da euskararen kontuarekin».
Dena den, eskertu egiten du ekimena: «inor inoiz sartu den kontu batean sartu da: ulertu bai, baina hitz egiten ez dugunoi aitorpena egiten digu. Errekonozitu egiten du halako egoerak badaudela kalean».