Euskaraldia

«Talde lan bat da, batu eta indartu egingo gaitu»

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 1a, 01:00

Hernaniarra da Estitxu Mateo, eta bertan bizi da, baina Ereñotzuko Txirrita Esko­lara eramaten ditu semeak: «beraz, 3-4 arra­tsalde Ereñotzun pasatzen ditut», dio. Euskaraldiaren baitan, Ahobizi da aurreko ostiraletik, baina ‘euskeraren laguna’ da, lehenagotik.

Izan ere, Mateok ederki ondo daki zer den euskerari eustea; iaz aukera izan bai­tzuen Ereñotzun, antzeko esperientzia ba­­­teko protagonista izateko. «La­sarteko ide­ia hartu genuen, eta hamabost eguneko erronka jarri genuen. Ho­rretarako, Ma­ripilutxi izan nintzen, Eus­kararen Laguna. Urte batzuetan Huescan bizi izan zen Josurekin, berak Belarri­pres­ten rola hartu zuen, gelaz gela joan ginen, egitasmoaren berri ematen», azaltzen du. 

Izan ere, Estitxu Mateok argi dauka: «nahiz eta hala ez iruditu, Ereñotzuko egoera ez da hain desberdina. Auzo euskalduna da, asko hitz egiten da eta bul­tzatzen da euskera, baina erderara pasa­tzen da igual-igual, eta ‘arriskua’ berbera da».

Eta kezka berezia dauka Mateok: «az­kenaldian uste dut euskeraren erabilera jaisten ari dela eta izutu egiten nau. Gure guraso eta aiton-amonek egin duten ahaleginarekin... pena ematen dit!».

‘Euskaraldia’, positiboa
Testuinguru horretan, Euskaraldia bezalako ekimenak positiboak iruditzen zaizkio. «Hausnarketa gertatuko da», Estitxu Mateoren ustez, baina ez hori bakarrik; «talde lan bat da, eta gure hizkuntza maite dugunok batu eta indartu egingo gaitu», azpimarratzen du. 

Erronka «pertsonala»
Ahobizi gisa ari da parte-hartzen Estitxu Mateo, eta bereziki, bi erronka aipatzen ditu. Aurrenekoa erabat pertsonala: «na­hiz eta gu­rasoak erdaldunak izan, nik ikastolan ikasi nuen euskera, eta nire anai-arrebek ere badakite, baina ez dugu eus­keraz egiten. Euskaraldia abiapuntu izan­go da ho­rretarako; orain ez dago au­kerarik!». Lanean ere, euskeraz aritzea da be­re erronka: «nik harrera beti egiten dut eus­keraz, baina normalean hori bakarrik. Horri buelta ematea zaila izango da». Baina saiakera egiteko prest dago Ma­teo, izan ere, berak badaki: «ni naiz neu­re gabeziak landu behar dituena». Eta ha­laxe egiten saiatuko da, asteartetik aurrera ere!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!