Goizuetako Belarriprest gutxietako bat izaten ari da Mathilde Lucet, Euskaraldiaren hamaika egun hauetan. Baina ulertzea ere lorpena da berarentzat.
Izan ere, Goizuetan bizi da Lucet, baina urruti xamarrekoa da bera. Paristik etorri zen, orain urtebete pasatxo, bere mutil-lagunarekin bizitzeko: «goizuetarra da bera, eta Parisen ezagutu genuen elkar. Espetxean zegoen, eta frantseseko klaseak ematen nizkion nik», kontatu du.
Etorri zenean, ez zen erraza izan hasieran berarentzat, herritarrekin elkar ulertzea: «iritsi nintzenean, euskeraz bi edo hiru hitz besterik ez nekizkien; eta gaztelaniaz, hitzik ere ez. Ondorioz, zaila izan zen jendearekin harremanak egitea».
Baina herritarren jarrera izan zuen alde, horretarako: «jendeak asko laguntzen dit. Pazientzia asko hartzen dute euskeraz hitz egiterakoan, eta gauzak behin eta berriro errepikatzen dizkidate, modu ezberdinetara, nik ulertu ahal izatea errazteko», nabarmendu du.
Edozein kasutan, eta hasierako zailtasunak ahaztuta, alde positiboa aurkitu du Lucetek: «gaztelaniaz ez jakiteak badauka abantaila bat, horrela denek egiten didatela euskeraz».
«Pariseko euskal etxean hasi nintzen euskera ikasten»
Bizpahiru hitz besterik ez zituela ezagutzen dio Lucetek, baina gehixeago ere jakinen zuen, jaioterrian hasi baitzen euskerarekin: «Pariseko euskal etxean hasi nintzen euskera ikasten, eta behin Goizuetara etorri nintzenean, Hernaniko AEK euskaltegian jarraitu nuen. Orain, berriz, Goizuetan bertan ari naiz, klase batzuk jasotzen», kontatu du.
Euskaraldian Belarriprest papera hartuta, «euskerarekin urrats bat gehiago» eman nahi du: «gustatuko litzaidake euskeraz ondo hitz egitea euskeraz bizi ahal izateko», azaldu du.
Bera bezala, gutxi dira Belarriprest gisara ari direnak Aranon; asko, ordea, Ahobizi papera hartu dutenak. Eta haiei, eskatu die zerbait: «jarraitu dezatela nirekin pazientzia izaten, eta euskeraz hitz egiten».