Urteko partidurik politenak eta era berean tentsio haundiena dutenak izaten dira derbiak. Eta urteko lehenengoa iritsi da. Bihar Ampo Ordizia eta Hernani neurtuko dira, 12:00etatik aurrera, Altamiran. Denboraldian zehar bi jokatzen dira eta aurrenekoa Ordizian jokatzea tokatu zen egutegian.
Bi taldeek porrot gogorrak jasan zituzten pasa den asteburuan eta egoera irauli nahi dute. Gainera badakite hilabete oso gogorra dutela aurretik. Bost asteburutan, bost partidu jokatu beharko dituzte Gabonetako geldialdia baino lehenago.
Hernanik sei derbi jarraian irabazi zituen lau urtetan, baina azken hirurak ordiziarrak irabazi dituzte. Aurtengoan ere sailkapenean goierritarrak aurretik daude eta faborito dira garaipena lortzeko. Hala ere, Hernanik ez dio uko egiten irabazteari, alderantziz, gogo biziz irtengo dira bost punturen bila.
Aurten Hernaniko jokalari batentzat berezia izango da derbia, aurretik Ordizian ibilia baita. Oskar Astarloak euskal talde guztietan jokatu du eta inork baino hobeto ezagutzen ditu nolakoak diren partidu hauek. «Oso politak dira jokatzeko eta irabazten badira poza haundiagoa da. Gu garaipenaren bila irtengo gara. Azken minutuetan ihes egin dizkigute partidu batzuk eta emaitzari eutsi behar diogu». Hemendik urte amaiera arte helburu garbia du buruan. «Hamar puntu ateratzea da gure nahia eta lehenengoak Ordizian lortzen baditugu hobeto guretzat, lasaitasuna emango digu».