Etenik ez du izango Ereñotzuko Mendi Lasterketak, azkenean. Hernaniko Axeriak Mendi Lasterketa Taldeak hartuko die erreleboa, probaren antolaketan, lasterketaren sortzaile eta orain arteko antolatzaile izan direnei. Horrela, bederatzigarren edizioa izango du 2019koa, azkeneko urteetako ibilbide berarekin, eta data ere zehaztu dute dagoeneko: maiatzaren 19an egingo da, igandearekin, orain arte baino bi aste lehenago. «Zegama-Aizkorri ekainaren 2ra atzeratu dute, Ereñotzukoa izaten zen asteburura, eta horrek eragin du data aldaketa». azaldu dute.
2019rako data ere, dagoeneko zehaztu dute: maiatzaren 19an izango da, 9garren edizioa.
Orain arteko antolatzaileek «oso positibotzat» jo dute «talde berri bat prest egotea antolakuntza lana bere gain hartzeko». Eta era berean, nabarmendu dute «interesgarria» dela, talde horrek «asmoa agertu duela, jatorrian lasterketak izan duen filosofiari eusteko. Alegia, Ereñotzu inguru hau ezagutarazteko asmoa, lasterketa herrikoi bat antolatzekoa, ingurugiroa errespetatuko duena, eta euskerari lehentasuna emango diona». Gainera, beraien «prestutasuna» azaldu dute, «hasiera honetan talde berriari laguntzeko».
«Taldeko askorentzat, Ereñotzukoa izan zen estreinako mendi lasterketa»
Axeriak taldetik, berriz, gogoz eta ilusioz hartu dute lasterketa antolatzeko ardura, proba berezia baita taldearentzat: «taldeko askok, Ereñotzukoa izan genuen estreinako mendi lasterketa, eta etxeko proba da guretzat. Horregatik, ezin genuen galtzen utzi», azaldu dute.
«Orain arteko antolatzaileek emandako laguntza» eskertu nahi izan du Axeriak taldeak, eta era berean, aditzera eman du, «auzotarrekin batera eta auzoarentzat antolatutako festa bat» izaten jarraitzea nahi duela.
Horretarako, auzokoen laguntza ezinbestekoa dela uste dute: «dozenaka auzotar aritu dira urtero, egunean bertan bereziki, antolakuntza lanetan laguntzen: trafikoa eta aparkalekuak antolatzen, ibilbidea markatzen, anoa guneetan, irteeran eta helmugan laguntzen, kronometrajea egiten... Eta hala izaten jarraitzea nahi dugu», azaldu dute.