Bi ekimen garrantzitsuren berri eman zuen atzo, Hernaniko Udaleko Artxibo Sailak. Batetik, Hernaniko ondarea biltzen duen webgune berria aurkeztu zuten, ondarea.hernani.eus: «jaso, hedatu eta denon eskura jarri behar den altxorra da ondarea, eta gaurtik, webgunean daukate ikusgai. Herritarrak gonbidatu nahi ditugu, bertan sartu eta altxor hau deskubritzera; eta baita ekarpenak egitera ere. Izan ere, uneoro elikatzen joango den webgune bizia izango da», azaldu zuen Koro Etxeberria kultura zinegotziak.
Eta gaineratu zuen, bi urteko lana izan dela webgunea, baina eskerrak eman zizkien, «altxor hori gordetzen lan egin duten guztiei, batzuetan Udalaren laguntzarekin, besteetan bolondres. Artxiboan bakarrik ez, elkarteetan eta beste hainbat tokitan ere bildu ditugu».
Txuso Gomezek, Udal Artxiboko arduradunak, azaldu zuen helburua: «Hernanin dagoen ondarea, era sistematiko batean jasotzea, oso aberatsa delako, eta han eta hemen jasota zegoelako. Hainbat bilera egin genituen, kultura eta ondarearen arloko eragileekin, eta ondorioztatu genuen, garrantzitsua dela ondarea ezagutzera eman eta sentsibilizazioa bultzatzea; eta urtetan egindako lanak identifikatu eta horiekin hastea.
Josu Landak, webgunea egin duen Digitaldea enpresako kideak, azaldu zuen edukia: «askotarikoa da, eta zabalagoa izatea nahi dugu etorkizunean. Bereziki garrantzitsuak dira atal batzuk. Esaterako, argitalpenena, orain arteko 24 urtekariekin, 34 libururekin, eta hainbat diskorekin. Baserrien datu-base bat ere badago, eta 1.430 argazkiko artxibo bat. Gaiaren eta lekuaren arabera daude sailkatuta, eta bilatzailea ere badago».
Landak nabarmendu zuen, azkenik, gauza asko «etxeetan» daudela, eta pixkanaka webgunera eramaten joan nahi dutela: «bide luze bezain zoragarria izango da».
Beka deialdia, ondarearen inguruko ikerketa-lanerako
Aurkeztu zuten beste ekimena, izan zen Hernaniko ondarearen inguruko ikerketa-lan bat egiteko beka. Dagoeneko zabalik dago deialdia, eta abenduaren 23ra arte aurkeztu daitezke eskaerak, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan. Bat baino gehiago aukeratu dezakete, eta 8.000 euroko diru kopurua dago guztira. Lan horiek, balioko dute ondarearen webgunea aberasteko.