Aurreko ostiraletik dago ikusgai, Biterin, pintura argazki erakusketa. Adiskidetasunak lotzen dituen bi familiak jarri dute, beraiek egindako lanekin: Maite Poza, Alex Poza eta Saioa Garcia hernaniarrek, batetik; eta Elena Busto donostiarrak eta Pariseko Jeanne Devoyon zenak, bestetik.
Diseinu grafikoko lanak aurkeztu dituzte batzuek, ordenagailuan koadro batzuk eraldatuz; pinturak beste batzuek, gehienak oleoarekin; eta argazki batzuk ere badaude. «Artista ezaguna izan zen Jeanne Devoyon; gu, berriz, aisialdian aritzen gara. Diseinu grafikoa ikasi dugu, eta txikitatik aritu izan gara etxean marrazten», azaldu du Saioa Garciak.
Hori horrela, estreinako erakusketa dute, eta Alex Poza izan zen hori bultzatu zuena. Adimen urritasuna dauka berak, eta erakutsi nahi zuen, horrela ere egin daitezkela artelanak. «Berak nahi zuen erakusketa hau jarri, eta oso pozik dago lortutakoarekin», azaldu dute.
Argazkian, hiru hernaniarrak ageri dira, Alexek berak egindako pintura lanen aurrean, hain zuzen ere.