Adinberri zahartze osasuntsurako estrategia «indartuta» atera da, izen bereko Kongresuaren lehenengo ediziotik. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren iritziz, argi utzi dute «beharrezkoak direla horrelako ekimenak, epe labur eta ertainean gizarte honek izango duen erronka nagusietakoa baita gizartearen zahartzearena». Olanok gehitu du, Adinberri jada errealitatea den proiektua dela, «Gipuzkoako berrikuntza gaitasuna zahartze osasuntsuaren zerbitzura jarriko duena». Helburua, betiere, lurraldea nazioarte mailako erreferente egitea da.
Tabakaleran egin da kongresua, eta 500 pertsona elkartu dira, batez ere, adinekoen elkarte, enpresa, ezagutza eta berrikuntza eragile eta administrazio publikoetako ordezkariak. «Agerian geratu da gai honek sortzen duen kezka, baina baita Gipuzkoako gizarteak duen ekarpenak egiteko eta lanerako gogoa ere», esan du Olanok. Nazioarteko esperientziak jaso dira kongresuan, Erresuma Batua, Frantzia eta Portugalen dauden Adinberriren antzeko ekimenekin. Solasaldiak ere izan dituzte; lehenengoa zilarrezko ekonomiari buruz eta bigarrena ezagutza eta hezkuntzaren inguruan, betiere zahartze osasuntsua ardatz.
Mahai inguru batek itxi du topaketa. Parte hartu dute Olanok berak, Jon Darpon Osasun sailburuak, eta Françoise Jeanson doktoreak, Nouevelle Aquitaineko erregio sailburu eta osasun eta zilarrezko ekonomiako delegatu denak. Diputatu nagusiak kongresuaren balorazio positiboa egin du. Nabarmendu dituen puntuen artean, partaidetza arrakastaz gain, adierazi du balio izan duela zahartzaroaren erronkak dakartzan «ikuspegi ezkorrak» alde batera uzteko: «egia da gizartea zahartzen ari dela, eta honen eraginak kudeatzen hasi behar dugula. Baina, aldi berean, sekulako aukeraren aurrean gaude», defendatu du Olanok.
Bizitza-luzera eta zilarrezko ekonomia
Norabide honetan sakonduz, foru arduradunak esan du zahartzaroari buruz hitz egiterakoan bizitza-luzera eta zilarrezko ekonomia direla mahai gaineratu beharreko kontzeptuak. Lehen puntuari eutsiz, gogoratu du pertsonak gaur egun gehiago bizi direla eta baldintza hobeagoetan gainera, eta beraz gizarte bezala ezin dugu utzi «alferrik galtzen kolektibo horrek duen ezagutza, esperientzia eta ekarpenak egiteko gogoa». Arlo ekonomikoan, adierazi du adinekoek behar berriak dituztenez, gaur egun dauden zerbitzuak hobetu behar direla, eta horrek «jarduera ekonomikoa sortzea» dakarrela; Europar Batasunaren mailan, sektore hau jada BPGdaren %29 da. «Aukera garrantzitsua dugu aurrean, eta aurrerapausoa eman behar dugu», bukatu du.
Darponek, bere aldetik, esan du zahartzaroaren kontua ez dela arazo bezala ikusi behar, baizik eta arrakasta bezala: «daukagun bizitza esperantza lortzea munduko gizarte guztiek lortu nahi duten helburua da, eta ez dute askok lortzen». Honek guztiak egungo gizarte zerbitzuetan izango duen eraginari erreparatuta, esan du erronka dela administrazio ezberdinek eskaintzen dituzten zerbitzuak kanpora begira elkartzea, «erabiltzaileari berdin baitzaio nork eskaintzen duen edo ordaintzen duen zerbitzua». Gainera, Olanok bezala, zahartzaroaren inguruko industria garatzen jarraitzearen alde egin du, eta esan du Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) abantaila nabarmena duela alor honetan: «erakundeak, industria eta ikertzaileak daukagun aukeraz jakitun garela».
Azkenik, Jeanson doktoreak esan du ordezkatzen duen lurraldea, Nouvelle Aquitaine, Europako zahartze maila altuenetakoa duena dela, eta horrek neurri bereziak hartzera behartu dituela. Arduradun frantsesaren iritziz, berrikuntza da erronka honi aurre egiteko bidea baina, horretarako, adindu, ikertzaile eta politikarien artean sortu beharreko aliantzetan jarri du azpimarra: «norabide berean joan behar dute». Gainera, mundura irtetearen garrantzia ere nabarmendu du, beste esperientziak ezagutu eta nazioarteko eragileekin lankidetza zubiak eraikitzeko, kasu honetan, Euskal Herria berarekin. Horretarako, esan du oso garrantzitsuak direla Adinberri Kongresua bezalako topalekuak.