Hil honetan jakinaraziko dute nor izango den EH Bilduren zerrendaburua 2019ko udal hauteskundeetan, baina Luis Intxauspe egungo alkateak iragarri du bera ez dela izango: «EH Bilduren zerrendaburua aukeratzeko prozesuan gaude, eta ni ez naiz aurkeztuko».
Hala adierazi zuen atzo, Gabriel Zelaia eraikinean egindako agerraldian; bertan izan ziren, baita ere, azken bi legegintzaldietan Intxausperekin batera Gobernu Taldea osatu dutenetako batzuk.
«Ez naiz aurkeztuko, baina ekainera arte alkate izaten jarraituko dut orain arteko ilusio eta gogo berarekin, nik eta oraingo Gobernu taldeak martxan ditugun proiektu horiek bukatzeko», nabarmendu zuen.
«Ekainera arte alkate izaten jarraituko dut; orain arteko ilusio eta gogo berarekin».
«Esperientzia positiboa eta aberasgarria»
Hori iragarrita, zortzi urte hauen balorazio orokorra egin zuen Intxauspek: «oso esperientzia positiboa izan da; momentu txarrak eta onak baldin baditu ere, oso aberasgarria da». Eta onartu zuen: «2011n pertsona bat nintzen, eta orain beste pertsona bat naizela esango nuke». Era berean, «zure herria ezagutzeko» ematen dizun aukera, nabarmendu zuen.
Bigarrenez aurkeztu zenean Gabriel Zelaia espazioa «motibagarria» izan zela onartu zuen: «batetik, hemen irudikatzen nuelako Emakumeen Etxea edo Kulturarteko Plaza Feminista, eta niri ilusioa pizten zidan; eta bestetik, eraikin honetan ekonomia arloan buruan genituen proiektuak aurrera eramatea».
Kiroldegiko obra, kultura arloko «aldaketa positiboa» eta memoria eta bizikidetza arloan «egin diren pausoak» ere nabarmendu zituen.
Gai kritikoak, ere bai
Gai batzuetan, «nahi eta ezin» ere ibili izan dela azaldu zuen, baita beti kritikoak diren gai batzuk ere badaudela «nahiz eta interbentzioak egin», besteak beste, aparkalekuen gaia, txotx denboraldia, kale garbiketarena...
Dena den, «oso pertsona baikorra» dela onartu zuen, eta horietatik ere, alde positiboa ateratzen saiatu dela.