Urte luzea pasa dute zerbitzua garatzen, eta lan asko egin ondoren jarri du martxan Udal Liburutegiak etxez etxeko mailegu zerbitzua. Rakel Gonzalez liburutegiko arduradunak onartu du zerbitzu «berritzailea» dela.
Etxez etxeko zerbitzua, sortua
Mugikortasun urria (aldi baterakoa zein iraunkorra) duten pertsonentzat, gaixo kronikoentzat edota eriondo direnentzat sortutako zerbitzua da etxez etxeko maileguarena. Beren egoera egiaztatu beharko dute, aurreneko aldian.
Baldintzak betetzen dituenak, bi bide izango ditu eskaerak bideratzeko: telefonoz, 943 552 966 zenbakian; edo wha–tsappez, 688 635 462 zenbakian.
Eskaera jaso bezain laster, Udal Liburutegia mezulari batekin jarriko da harremanetan: «egunean bertan izaten saiatuko gara, eta noiz pasako den abixatuko diogu eskatzaileari. Kontu hau zaindu egin behar dugu, batez ere, adinekoekin, gaizki-ulertuak saihesteko», nabarmentzen du Liburutegiko arduradunak.
Jasotzen denetik aurrera, 30 egun izango dira, materiala erabili ahal izateko: «beti izango dira 30 egun, nahiz eta liburua lehenago bukatu».
Data hori pasata, luzatu ez bada, mezularia pasako da, berriro ere, eskatutako jasotzera.
«Antzeman genuen behar» bati erantzutea, asmoa
Liburutegian bertan sortutako ideia baten harira eskainiko dute zerbitzua: «antzeman genuen behar bat zegoela», dio Gonzalezek. Izan ere, «adineko emakumeak oso irakurlezaleak dira, eta beti etortzen dira zaintzaile batekin-edo».
Eta batzuetan ikusten dute tarte batez desagertu egiten direla: «eta deitu egiten digute: ‘liburu hau gorde eta bidaliko dizuet baten bat bila...’».
Horri soluzio bat emateko, bururatu zitzaien etxez etxeko zerbitzuarena, eta halaxe hasi ziren proiektua garatzen: «hasieran adineko jendearentzat planteatu genuen, pixka bat garatzen joan gara, eta denoi zabaltzea erabaki dugu».
Zerbitzu «soziala»
Honekin, beste urrats bat eman nahi du Liburutegiak zerbitzuetan: «udal liburutegia irakurzaletasunarekin lotzen da gehienetan, baina zerbitzu kulturala izateaz gain, soziala ere bada». Eta bide horretan jarri dute martxan zerbitzu.