Hernaniko Kultur Ondarea ikertzeko, 8.000 euroko beka

Kronika - Erredakzioa 2018ko aza. 25a, 01:00

Udalak kultura beka emateko deialdia argitaratu zuen ostiraleko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta hilabete bateko epea dago, proposamenak aurkezteko.

Deialdi honen helburua da Hernaniko Kultur Ondarea osatzen duten elementuak aztertzea; bai ondare materiala eta baita materiagabea ere.

Eskaerak, udaletxean
Gaia lantzeko, iturri ezberdinetara jo beharko dute deialdira aurkezten direnek: iturri dokumentalera, bibliografikora, grafikoetara edota ahozko transmisioko iturrietara, besteak beste.

Proiektua aurkezteko, HHZn, udaletxean eskuratu daitekeen eskaera orria bete beharko dute, eta erregistroan aurkeztu, deialdian zehazten diren gainontzeko dokumentuekin batera. Proiektuaren berri ema­teko, izenburua, lan me­todologia, kronograma edota baliabideak zein diren zehaztu beharko da. Euskeraz zein gaztelaniaz egin daiteke lana, baina euskeraz eginak baloratuko dira bereziki.

8.000 euroko laguntza
Deialdi honetarako 8.000 eu­ro­ko laguntza gorde da. Epai­mahaiak proiektu bat baino gehiago aukeratzen badu, ho­rien artean banatuko da.

Epaimahaia osatuko dute kultura arloko zinegotzi delegatuak, udal artxiboko teknikariak eta ondarean aditua den pertsona batek.

Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, hiru hilabete izan­go ditu epaimahaiak erabakiaren berri emateko. Behin proiektua aukeratuta, hurrengo egunetan hasiko da lana, eta bederatzi hilabeteko epea izango da azken txostena aurkezteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!