Manifestazioa egingo da gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako egunean, 13:00ean Plaza Berritik aterata. Hau ez da justizia lelopean egingo da, Hernaniko Koordinadora Feministak deituta.
Lau aldarrikapen egin nahi dituzte. Batetik, «sistema judiziala patriarkala» dela salatu nahi dute. Bestetik, «salaketa ez dela bermea erasotua ez izateko». Era berean, «zigorrean sinesten duen» ereduaren ordez, «erreparaziorako baliabideak» behar direla. Eta azkenik, «emakumea* (izaera anitzekoa) erdigunean jarriko duen justizia, erreparazioan eta babesean oinarritua» behar dela.
Hori guztiaz gain, gogorarazi dute «ardura gizarte osoarena, kolektiboa» dela, eta parte hartzeko deia luzatu diete hernaniar guztiei.
Pelikula Gaztelekuan gaur, eta solasaldia asteartean
Egun honen harira hainbat ekitaldi antolatu dira dagoeneko, eta gaurkoan, Gaztelekuan, Precious pelikula jarriko dute 16:30etatik aurrera.
Bestalde, asteartean solasaldia izango da 18:00etan Biterin. Batetik, Mugarik Gabe erakundeak egindako ikerketaren aurkezpena egingo da, eta segidan, solasaldia izango da, Irati Sarasua Arabaolaza kazetariak gidatuta: Hedabideen papera indarkeria matxistaren aurrean: informazioa ala desinformazioa.