Mende laurdena igaro da, Hernaniko euskera elkartea sortu zenetik. 1993ko apirilean jaio zen Dobera Euskara Elkartea, herritar talde baten eskutik, eta aurten bete ditu 25 urte.
Hori horrela, urteurren borobila ospatu nahi izan du Doberak, ibilbide honetan bidelagun izan dituen guztiekin: bazkideekin, elkarteekin, taldeekin eta herritar guztiekin. «Gustatuko litzaiguke, egun berezi honetan ere gurekin egotea, eta ekintzetan parte hartzea, urte guzti hauetan bezala», luzatu diete gonbitea, herritar guztiei.
Azaroaren 24an izango da, 25 urteak ospatzeko festa. Eta egun horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute. Aurrena, txikienak izango dira protagonista. Haurrentzako jolasak izango dira Tilosetan, Doberako begiraleen eskutik. Eta lagun berezi bat ere izango da bertan, Latxeko Burruntzik ez baitu hutsik egingo! Eguraldi txarra eginez gero, Atsegindegin izango da.
Omenaldia, Dobera Euskara Elkartea sortu zutenei
Jolasen ondoren, omenaldietarako garaia iritsiko da. Tilosetan elkartuta (eguraldi txarrarekin, Xalaparta elkartean), omenalditxoa egingo diete, Dobera Euskara Elkartea sortu zutenei.
Eta ondoren, kantu-bazkari batekin borobilduko dute festa. Xalapartan izango da, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikarien laguntzarekin. Eta txartelak salgai daude, azaroaren 16ra arte: helduek 25 euro, bazkideek 20 euro, eta haurrek 10 euro (plazak mugatuak dira). Bi menu izango dira aukeran; helduena, honakoa: mokadutxoa, babarrunak bere sakramentuekin (txorizoa, odolkia, txerri saiheskia, aza eta Ibarrako piperrak), ogia eta edaria, postrea, kafea eta kopa. Haurrentzat, berriz, makarroiak, xolomoa patatekin, ogia, edaria eta helatua.
AZAROAK 24, larunbata
11:00etan, Umeentzat jolasak, Doberako begiraleen eskutik eta Latxeko Burruntzirekin batera, Tilosetan; eguraldi txarrarekin, Atsegindegin.
13:00etan, Dobera Euskara Elkartea sortu zutenei omenalditxoa, Tilosetan; eguraldi txarrarekin, Xalaparta elkartean.
14:00etan, Kantu-kantari mahaiaren bueltan; Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikarien laguntzarekin. Gonbidatu bereziak ere izango dira, tartean. Xalaparta Elkartean izango da. Txartelak salgai hilaren 16ra arte. Prezioa: helduek, 25 euro (bazkideek, 20 euro); haurrek, aldiz, 10 euro.