Gurasolagun saioak ere martxan, tailer eta hitzaldiez gain

Kronika - Erredakzioa 2018ko aza. 17a, 01:00

Astigarragako Herri Esko­la­ko gurasoek hainbat zalantza argitzeko aukera izan zuten lehengo astean, Izar Arregi Aizpuru psikologo eta terapeutaren eskutik. Hitzaldia eman zuen, haurren jarrerak uler­tzen laguntzeko.

Guraso elkarteak Udalaren babesarekin antolatutako hi­tzaldia izan zen hori, eta ez da ikasturte honetako ekitaldi ba­karra izango. Hain zuzen, datorren astetik aurrera Gura­solagun saioak eta tailerrak ere martxan jarriko ditu, Uda­leko euskara saila, AEK euskaltegia eta Xaguxar aisialdi taldearekin elkarlanean.

Euskera praktikatzeko aukera, gurasoentzat
Gurasolagun egitasmoaren hel­burua da euskeraz dakiten gurasoak eta ikasten ari direnak elkartu eta euskeraz hitz egiteko gunea eskaintzea. Da­torren ostegunean, hilaren 22an egingo da aurreneko saioa, eta ordutik aurrera ostegunero elkartzeko aukera izan­go da, 16:45etatik 18:00e­ta­ra ikastolako jangela txikian. Haurrek ere izango dute bertan egoteko aukera, Xaguxa­rreko begiraleekin. 

Horrez gain, hilean behin tailerrak ere antolatuko dira, guraso eta haurrak elkarrekin aritu daitezen. Ikasturte osoko saioetan parte hartzea bultza­tzeko, pasaporte bat emango zaio parte-hartzaile bakoitzari, saio bakoitzean erakusteko. Horrela, ikasturte bukaeran pasaportea gehien osatu duenak saria jasoko duela aurreratu dute.

Osteguneroko Gurasolagun saioetan eta hilean behin egingo diren tailerretan parte har­tzea doan da, eta haur eta gu­raso guztientzat irekia,  baina aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako, kul­tur etxera deitu daiteke, 943 33 50 64 telefono zenbakira, edo­ta iker-g@aek.eus helbide elektronikora idatzi. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!