Ricardo Crespo izango da 2019ko maiatzaren 26an PSE-EEko hautagaia Hernaniko alkatetzara eta atzo aurkeztu zen ofizialki bere hautagaitza Denis Itxaso Diputatuak lagunduta. «Garaia da Hernanik behar dituen eta denbora luzean izan ez dituen zerbitzuak lortzeko».
Datozen udal hauteskundeetan Hernanik 21 zinegotzi aukeratu beharko ditu. 20.000 biztanletik gora duen herria da eta horrek lau zinegotzi gehiago edukitzea suposatzen du. «Errekurtso gehiago eskuratzeko aukera ere suposatzen du» adierazi zuen Crespok aurkezpenean. «Gero kalitatezko zerbitzu bihurtu behar dira eta horretarako ezinbestekoa da beste erakundeekin, esaterako Aldundiarekin, harremanak indartu eta sendotzea. Legealdi honetan EH Bilduren Gobernua ez da ia inoiz joan Aldundira errekurtso bila».
Crespok zerbitzuetan gabeziak aipatu zituen eta horien artean kale garbiketarena. «Behin eta berriz iristen zaizkigu herritarren kexak eta Garbitania lan horrekin hasi zenetik areagotu egin dira. Bestetik udaltzaingo zerbitzuaren inguruan ere gabeziak daudela ikusi dugu. Errekurtso gehiago behar dituzte adibidez txotx garaian».
Cresporen ustez ezin da ahaztu herriko autobusean ere zerbitzua murritza dela. «Ordubetero dago zerbitzua eta oso frekuentzi txarra da, bestetik EH Bildu kexatzen da Aldundiak murrizketak egin nahi dituela herrien arteko zerbitzuan. Garaia da Hernanik hiri baten zerbitzuak lortzeko».
Denis Itxasoren babes osoa jaso du Crespok
Ildo horretan mintzatu zen Denis Itxaso. «Crespo da Hernanik eduki dezakeen hautagairik hoberena eta Hernaniren hazkundeak zerbitzuak hobetzea eskatzen du eta horretarako hernaniarrek aukeratu beharko duen alkatea beste erakundeekin erlazio hobea duena izan beharko du. Legealdi honetan gabezi bat egon da alde horretatik baliabide gehiago lortzeko. Isolamendu etapa itxi behar da».