Euskalduntze plan integrala LHtik hasi eta enpresetara

Kronika - Erredakzioa 2018ko aza. 24a, 01:00

Hernaniko Lanbide Heziketa Zentroak euskalduntze plan integralaren apustua egin du, eta euskeraz ikasi eta gero, ogibidea ere euskeraz egitea ahalbidetzen dio, lehendabizi ikasleari eta gero langileari.

Horretarako, LANEKI Elkar­tea (Lanbide Heziketa indartu eta hobetzeko Elkartea) sortu zuten 2001 urtean, Ikaslan Gi­puzkoa, Ikaslan Bizkaia, Ikas­lan Araba eta Hetel Elkarteek. «Lanbide Heziketa nahiko erdalduna zen, eta euskeratzeko beharra zegoen. Hortik sortu zen LANEKI. Lanbide Heziketa euskaldunduz lortzen da enpresak ere euskalduntzea», adierazi du Ainitze Blancok. HLH zentroko zuzendaria izateaz gain, LANEKI elkar­teko presidentea ere bada bera. 

Lanbide Ekimena Proiek­tuak Lanbide Heziketan ikasmaterial didaktikoak euskera­tzeko plana du helburu, irakasleek ikasgelan erabiltzeko.

Proiektuari esker, material biltegi zabala dago interneten, www.jakinbai.eus webgunean. Lanbide Heziketarako euskerazko ikasmaterialak konpartitzen 22 arlo profesional,  801 ikasmaterial, terminologia hiztegi teknikoan 11.000  termino, 7.000 erabiltzaile eta 27.000 sarrera daude.

Hortik haratago, eta ikaskuntzatik lan mundura salto egi­nez, Lanpres (ikaslearen ikus­pegitik) eta Lanenpres  (en­presen ikuspegitik) gidaliburuak jarri ziren martxan. «Lanpres ikastetxeentzako gida izan zen eta lehendabizi sortu zena izan zen. Arrakastatsua suertatu zen eta beste saltotxo bat eman eta Lanenpres sortu zen». Lanen­pres Gidarekin nahi dena da, lan munduan eta Lanbide Heziketan euskera sustatzeko ekimena izatea prozedura, kronograma eta baliabideen bitartez, eta praktika onak trukatzeko ere balioko duena.

LANEKI elkartea sortu zen 2001ean Lanbide Heziketa euskalduntzeko eta plana garatzeko.

Lanenpresek dituen atalak hauek dira: Harrera euskeraz egi­teko baliabideak; Lan­tokiko Prestakuntza eta Duala euskeraz egiteko prozedura; eta En­presa egonaldia euskeraz egin ahal izateko baliabideak, eta sa­rean daude euskera  Lanbide Hezi­ketako ikastetxeen eta en­presen esku,  www.jakinbai.eus webgunean.

Lan haundia egin da eta enpresa eta erakunde asko daude proiektuaren atzean, denen artean euskera eta lanari tiraka. Hala ere, Ainitze Blancok dio, «lan asko dagoela aurretik egiteko». 

1.006 enpresek parte hartu dute deialdian
Gipuzkoako Foru aldundiak 72.000 eurorekin laguntzen di­tu Lantokiko Prestakuntza edo Duala euskeraz egiten duten enpresak. Zehatz-mehatz, 1.006 enpresak parte hartu dute deialdi honetan. 

Gipuzkoan, ikasleen %40ak euskeraz ikasten du Lanbide Heziketan. Lantokiko Presta­kun­tza egiten duten ikasleen %62,74a euskeraz egiten ari da LPa. Duala egiten ari diren ikasleen %52,24  euskaraz ari da lantegian.

Hernaniko Lanbide Heziketa Zentroak Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleak ditu eta A eredua izatera derrigortuta da­go.  D eredura salto haundia ez egoteko, Euskera D Plus erdibideko egitasmo modulua euskerari beldurra kentzeko oso formatu egokia da. «Modulo ba­tzuetan ematen da».

«Ikaslea praktikak egitera joaten denean, logikoa da euskeraz egitea, eta horren aldeko apustua egin dugu: euskaldun hauei euskeraz lanean jarrai­tzeko aukera eskaintzea praktiketan. Hernanin, ondorengo en­presetan egiten dituzte praktikak euskeraz: Electrome­cánica Cyrem, S.L.U, Robolan Inge­nieria Robótica, Orona, Kro­saki Amr Refractarios, Eral­ki Engi­neering, Udaleko Zerbi­tzu Sozi­a­lak, Sormen Txokoa Elkarte Soziokulturala, Uda­la...», ezagutarazi du Ainitze Blan­­cok. 

Material biltegi zabala lortu da. «LH euskaldunduz enpresak ere euskalduntzen dira».

Zerbitzuetako enpresa pu­bli­koak dira gehienak, baina badaude enpresa pribatuak ere, beste arloetan dabiltzanak, au­rreko zerrendan ikusi daitekeen bezela. «Eus­keraz egingo direla lanak eta praktikak bermatzen dituzte enpresa guzti hauek». 

Jarraipen bat egiten zaio ikasleen lanari eta ziurtatzen da euskeraz egin dituztela bai praktikak, baita eskolako jarduerak ere. 

Gustura, lortzen ari diren emaitzekin
Oso gustura daude lorturiko emaitzekin, eta datu esangura­tsu batzuk ere eman dituzte: «orain lau urte, 436 ikasle inguru zeuden Gipuzkoan, praktikak euskeraz egiten. Orduan hasi ginen elkarlanean Gipuz­koako Foru Aldundiarekin. 2018an, berriz, kopuru hori 628ra igo da. Matrikulak D ereduan  2013/14 ikasturtean 4.839 izan ziren, eta 2017/2018an 7.845, guztira». 3.006 ikasle gehiago matrikulatu dira lau urtetan. Nabarmena izan da gorakada. 

Ikastetxe eta enpresentzako Lanpres eta Lanenpres gidak sortu ziren.

Beraz, helburua lortzen ari dira. Gipuzkoan 24-25 ikaste­txetik gora daude plan hauetan murgilduta, eta denak bide beretik euskalduntze plan integrala burutuz. 

Ikasketak, prestakuntza eta lana. Ibilbidea borobildu egiten da eta etorkizunean lan mundu euskaldunagoa lortzea da helburua. Bide horretan, lanean sendo dabiltza Lanbide Hezi­ketako ikastetxeak, erakundeen eta enpresen lagun­tzarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!