Lehiaketa publikoa zabaldu du Ereñotzuko Auzo Udalak, ustiatzeko Irrintzi taberna, batetik; eta denda, bestetik. Bietarako, etzi arte dago aukera, eskaerak aurkezteko.
Auzo Udaleko bulegoan aurkeztu behar dira, astelehenean bertan, ordutegi honetan: goizeko 08:00etatik 11:30etara, edota arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Interesatuek, bertan jaso dezakete informazio gehiago, eta baita Hernaniko Udaleko kontratatzailearen profilean ere.
Bi urteko kontratua, urtez urte luzatzeko aukerarekin
Bi kasuetan, kontratua bi urtekoa izango da, urtez urte luzatzeko aukerarekin; gehienez ere lau urtera arte. Batean zein bestean, ez da ezer ordaindu beharko zerbitzua ustiatzeagatik, baina tabernaren kasuan, eskatuko da frontoiko aldagela eta komunak kudeatzea eta garbitzea.
70 metro karratu inguruko espazioa dauka dendak, Ereñotzuko herrigunean kokatuta; eta Auzo Udalak egin duen bideragarritasun azterketatik, ondorioztatu dute lanpostu batentzako adinakoa baduela.
Tabernak, berriz, 50 metro karratu inguruko lokala dauka, eta terraza kanpoaldean, 40 metro karratu inguru estalita dauzkana. Egunero zabaldu beharko da, lanegun oso batean eta goiz batean ixteko aukerarekin. Sukalde zerbitzua eman beharko da, eta prentsa eta ogia saldu ere bai.