Hondakinen Prebentzioaren Europar Astea dela-eta, astelehenera bitarte, Itsasotik mahaira kanpaina jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Emaus Fundazioarekin, EkoRECekin eta Sindesperdiciorekin batera.
Helburua da, aurreko astean aurkeztu bezala «herritarrak itsas-zaborren inguruan sentsibilizatzea», eta bereziki, «herritarrei helaraztea gaikako bilketa egitearen eta plastikoa birziklatzearen garrantzia».
Donostiako hainbat auzotan eta Gipuzkoako 33 udalerritan abiarazi dute kanpaina, tartean, Astigarragan.
Arrantza-sarez egindako nasak, herrietan
Herri horietan, arrantza-sarez egindako nasak jarri dituzte, eta «herritarrek botatzeko diren plastikozko poltsak eta botilak eman ditzakete ontzia osatzeko». Astigarragaren kasuan, Joseba Barandiaran plazan jarri dute.
Antolatzaileek azaldu dutenez, «sarezko egiturak poltsak sartzeko aukera ematen du, eta, aldi berean, kanpora erori ez daitezen saihesten du. Gainera, poltsen bolumena nola hazten den ikusteko aukera ere eskaintzen du, eta horrek ekarpenak egitera animatuko ditu herritarrak. Bestalde, sarezko egituran bertan egunerokoan aplikatzeko modukoak diren prebentzio adibideei buruzko aholku mezuak eta datuak zintzilikatuko dira».
Poltsa eta orgak, zozketan
Astelehenean jasoko dira nasak, eta bertan berreskuratutako plastikoak prozesatu eta birziklatu egingo dira Eko-RECen. Horri esker, lantzeko moduko ehunak lortuko dira, eta poltsa eta erosketa orga berrerabilgarriak egiteko baliatuko dira. Horiek Emaus Fundazioak diseinatu ditu, eta Sindesperdicio markak landuko ditu.
Ondoren, nasetara hondakinak eramaten sare sozialetan argazkia jartzen dutenen artean zozketatuko da, #PlásticoAlPilPil traola erabiliz.
Arazoa azaleratzeko
Sentsibilizatzeko ez ezik, arazoa azaleratzeko baliatuko dute, baita ere, hain zuzen, «baztertzen dugun plastikoaren arazoa: plastiko hori planktonaren oso antzeko mikroplastiko bihurtzen da itsasoan, eta ondoren, gure mahaietara iristen diren arrainek irensten dute».