Hamaika eguneko «ariketa soziala» hasi zuten atzo, milaka eta milaka herritarrek, Euskal Herri osoko makina bat herritan. Atzo abiatu zen Euskaraldia, arratsaldeko 18:30etan, eta 196.000 lagunek hartu dute konpromisoa, osteguneko datuen arabera, hamaika egunez euskeraz bizitzen saiatzeko.
Hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskeraren erabilera bultzatzea du helburu Euskaraldiak, eta erronka horretan bat egingo dute Ahobiziek eta Belarriprestek. Aurrenekoek, euskera ulertzen duten guztiei egingo diete euskeraz, eta ezezagunei ere, euskeraz egingo diete aurreneko hitza. Belarriprest direnek, berriz, euskeraz hitz egiten dakiten guztiei eskatuko diete hala egin diezaietela, beraiek gero erderaz erantzun arren. Batzuen zein besteen saiakerekin, «ariketa sozial haundia» izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Eta ariketa horretan, partehartze haundia izango dute Urumea bailarako herritarrek ere. Zehazki, 2.108 lagun zeuden izena emanda atzo eguerdian, bailarako herri guztien artean: Hernani eta Ereñotzuko 1.471 (1.276 Ahobizi eta 192 Belarriprest), Astigarragako 470, Goizuetako 134 (130 Ahobizi eta 4 Belarriprest), eta Aranoko 33 (26 Ahobizi eta 7 Belarriprest).
Partehartzaileen gehiengoa, Ahobiziak eta emakumeak
Euskal Herri osoko datuak kontuan hartuta, %74a dira Ahobiziak, izena emandako guztien artean; eta %26a, Belarriprestak. Eta lurraldez lurraldekako datuak ere eman dituzte: 84.000 lagunek eman dute izena Gipuzkoan, 20.500 lagunek Nafarroan, 68.500ek Bizkaian, 17.500 biztanlek Araban, eta 5.500 lagunek Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan.
Datu gehiago ere zabaldu dituzte. Esate baterako, jakinarazi dute, partehartzaileen %63a direla emakumezkoak, eta adin tarte partehartzaileena 36 eta 45 urte bitartekoa dela (izena emandako guztien %28a). Partehartzaile gutxien, berriz, 65 urtetik gorakoen artean izango ditu Euskaraldiak, guztien %5a.
Antolatzaileek nabarmendu dute, bereziki, gazteen artean izan duen «harrera oso ona». Eta goraipatu dute, Euskaraldia prestatzeko saioetan «milaka lagun» aritu direla, «ahalduntze ariketa garrantzitsu bat izaten ari denaren erakusle».
Era berean, eskertu nahi izan dute Euskaraldiak jaso duen «babes haundia. Koordinazio taldean aritu dira Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa; baina horiez gain, era guztietako 180 entitatek osatutako sustatzaile sarea izan du Euskaraldiak. Horien artean daude euskeraren gizarte eragileak, erakunde publikoak, enpresak eta bestelako gizarte eragileak. Sarea, baina, askoz ere zabalagoa izan da, herriz herri ere euskaltzaleak, erakundeak eta bestelako entitateak aritu direlako Euskaraldiaren antolaketan», nabarmendu dute.
Hernanin eta Astigarragan, besteak beste, atzo egin zuten ekitaldi bana, 11 eguneko erronka abiatzeko. Abenduaren 3ra arte, Euskeraren Egunera arte, jantzi duten txapak markatuko die zeregina. Baina egun horretatik aurrerakoa da jomuga.