Enpresa internazionala da Orona, mundu mailako merkatuan presentzia nabarmena duena bere sektorean. Baina maila internazional horrekin ere, nahi dute euskara izatea barne-tresna: «Orona talderako hizkuntza irizpide batzuk markatzen ditugu, gure errealitate internazionalari egokitzen zaizkionak; arau eta dokumentu teknikoak, formakuntza manualak, komunikazio orokorrak, katalogoak, ferietan parte hartzea...», azaldu du Ainhitze Etxeberriak, Oronako gizarte eta giza baliabideetako zuzendariak.
Eta Orona Kooperatibak, zehazki, euskarari lotutako irizpideak dauzka landuta, Euskal Herri mailarako, bai barne komunikazioan, baina baita kanpo komunikazioan ere: bezeroekin erabiltzen dituzten inprimakietarako, igogailuen hizkuntzari dagokionez...
Euskararen erabilera bermatu eta sustatzea, ardatz
Hori guztia zehazteko, Euskara Plana osatuta dauka Oronak, eta planaren ardatz nagusia da, «euskararen erabilera bermatu eta sustatzea». Hori horrela, enpresa barruko erabileran jartzen dute arreta bereziki, eta horretara bideratzen dituzte ekimen gehienak: «hizkuntzaren ezagupena, motibazioa eta erabilera lantzeko, lan ildo zehatzak zehazten ditugu urtez urte».
Ekimen horien artean dago, aurten, Baietz Hernanik! egitasmoan parte hartzea ere: «hizkuntza ohituren kontzientzia eta ahalduntze prozesua lantzen aritu gara», dio Etxeberriak.
Euskaraldian ere, partehartze aktiboa izango du Oronak, datozen egunetan: «gure jangeletan, menua euskara hutsean jarriko dugu, eta ondoan irudiak. Izan ere, langile guztiengana iristeko leku aproposa da jangela, eta bertan, bandejetan edo mahai gainetan mezuak banatzen ditugu». Enpresa ere apaindu dute, Euskaraldiko kartelekin.
Euskara bultzatzeko, sare bat osatzen ari dira, lehendik bazeukaten sustatzaile taldea haundituz, hizkuntza ohiturei buruzko tailerrak egiteko, adibidez. Hizkuntza politika eta irizpideak ere lantzen ditu Oronak; Mondragon Taldeko Euskara Batzordean ere badago; eta parte hartu du Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den euskararen plan estrategikoan, 2019-2023rako.
«Gure ama hizkuntza erabiltzea da bide bakarra, aitzakiarik gabe, aukera, leku eta egoera guztietan. Bakoitzaren lanak eta esfortzuak bakarrik lortu dezake, hainbeste maite dugun altxor hau mantentzea», dio Etxeberriak.