Bi ikastaro eskainiko ditu Andoaingo Udalak, 2018-2019 kurtsoan, Lanbideren dirulaguntzarekin. Beterri-Buruntza eskualdeko biztanleentzat dira, eta Andoainen egingo dute prestakuntza, bi kasuetan.
Batetik, ibilgailuen karrozeria mantentzeko eragiketa osagarriei buruzko ikastaroa eskainiko dute, lehenengo mailako profesionaltasun ziurtagiria lortzeko: oinarrizko mekanizazioa, elementu mugigarriak ordezkatzeko oinarrizko teknikak, gainazalak prestatzeko oinarrizko teknikak, eta lanekoak ez diren lanbide jardunbideak. 270 ordu izango dira, abenduan hasi eta 2019ko martxora bitarte.
Eta bestetik, ibilgailu pintaketari buruzkoa egingo dute, bigarren mailakoa: estaltze teknikak, gainazalen babesa, berdinketa, prestaketa eta txukunketa, arriskuen prebentzioa eta ingurumen kudeaketa ibilgailuen mantentze lanetan, ibilgailuen pintaketa... 460 ordu izango ditu honek, 2019ko apiriletik irailera.
Prestakuntzaz gain, 40 orduko praktikak burutu beharko dituzte enpresetan, ziurtagiria lortu ahal izateko.
Bietarako, izenematea zabalik dago, Lanbideren webgunean edota bulegoetan. Informazio gehiagorako: 943 30 42 21 edo langai@andoain.eus.
Andoaingo Udalak gomendatu du bi ikastaroak egitea, lan mundurako prestakuntza lortu ahal izateko. Gainera, ikasle horien kontrataziorako, dirulaguntzak eskainiko dizkie Udalak, enpresei.