Enplegua sustatzeko helburuarekin, beste egitasmo bat jarri dute martxan, Beterri-Buruntza eskualdeko Udalek. Eta oraingoan, 41 kontratu gauzatuko dituzte, udaletxeetan bertan (Hernani, Astigarraga, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil), edota eskualdeko enpresetan.
Izan ere, Lanbideren Tokiko enplegu ekintzak deialdiaren barruan, eskualdeko langabetuen egoera hobetzeko proiektuak abiatuko dituzte Udalek, bi eremutan bereizita: eskualdeko udaletxeetan proiektu ezberdinak burutzeko kontratazioak egitea; eta eskualdeko enpresei dirulaguntzak ematea, kontratazioak egin ditzaten.
«Proiektu horien aniztasuna dela eta, laguntza eman nahi zaie eskualdeko kolektibo ezberdinei, tokiko garapena sustatzeko. Eskualdeko enpresentzat, kontrataziorako dirulaguntzak eskainiko ditugu, eta horietan, lehentasuna emango zaie emakumeei edo gizarte-bazterketa arriskuan daudenei: iraupen luzeko langabetuak, 55 urtetik gorakoak edota DBEren hartzaileak. Udaletxeko kontratazioetan, berriz, proiektuak garatzeko hartuko dira perfil teknikoa duten eskualdeko gazte langabetuak, batetik; eta bestetik, brigadetan arituko dira perfil teknikoa ez dutenak», azaldu dute.
Udaletxeetan, 22 kontratazio urtea bukatu baino lehen
Zehazki, 22 izango dira, udaletxeetako lanetarako egingo dituzten kontratazioak; eta guztiak gauzatuko dira, abenduaren 31 baino lehen. Eskainiko diren lanpostuak, bi bloke horietan banatu dituzte.
Batetik, sei proiektutarako kontratazioak egingo dira, eta horietan, eskualdeko gazte langabetuek eta emakumezkoek izango dute lehentasuna. Honakoak dira proiektuak eta lanpostuak: Eskualdeko Guztion proiekturako, bi aparejadore hartuko dituzte; kontrataziorako dirulaguntzen dinamizatzaile bat; marketing komertzialerako kudeatzailea; laneratze enpresa baten inguruko bideragarritasun plana egiteko teknikaria; maskoten kontzientziazio kanpaina burutuko duen teknikaria; eta insertzio soziolaboralerako teknikaria.
Eta beste blokean, 15 kontratu egingo dituzte, lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten taldeentzat: lehenengo mailako ofizialen artean (margolariak edo igeltseroak), bost kontratazio; bigarren mailako ofizialen artean (igeltseroa), bi pertsona; eta brigadarako zortzi peoi.
22 kontratu horiek, eskualdeko sei udaletxeetan gauzatuko dira, baina Lanbidek kudeatuko ditu. Horretarako, azaroan zehar ari dira lan eskaintzak argitaratzen, www.lanbide.eus web orrian; eta bertan eman behar da izena. Kontratu bakoitzaren iraupena, proiektuaren araberakoa izango da; baina batazbeste, lanaldi osoan bost hilabeteko iraupena izango dute. Guztietan, eskualdeko biztanleek izango dute lehentasuna.
Enpresei 19 dirulaguntza, langabetuak kontratatzeko
Enpresen kasuan, berriz, 19 dirulaguntza kudeatuko dituzte Beterri-Buruntza eskualdean. Dirulaguntza horiek jaso ahal izateko, enpresek kokatuta egon beharko dute Hernanin, Astigarragan, Andoainen, Lasarte-Orian, Urnietan edo Usurbilen.
Horretarako, Lanbiden inskribatuta dagoen langabetu bati egin beharko diote kontratua. Gutxienez hiru hilabeteko iraupena izango du kontratuak, eta lanaldi osokoa izango da. Gainera, langile hori kontratatuta, enpresaren plantilla haunditu egin beharko da, azkeneko hiru hilabeteekin alderatuta.
Dirulaguntza eskaera egiteko, Andoainera jo beharko dute enpresek; zehazki, Urigain Etxea izeneko eraikinera (La Salle etorbidea, 6). Horretarako, 2019ko apirilaren 15era arte dago epea, eta jasotako eskaeren artean, lehiaketa bidez esleituko dituzte dirulaguntzak gero, hainbat irizpide kontutan hartuta. Horiek, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituzten, urriaren 19an; eta zuzenketa batzuk gehitu, azaroaren 6an. Bertan aurkitu daitezke, baita ere, kontratu motak, eta dirulaguntzetarako baldintzak.