«Euskara da gure lan hizkuntza, eta lehentasuna ematen diogu beti»

Kronika - Erredakzioa 2018ko aza. 24a, 01:00

Iritzi eta asmoetatik haratago joan, eta euskararekiko lehentasunezko jarrera bermatu zu­ten Talleres Mitxelenan, orain urte batzuk: «euskara gure lan hizkuntza da erabat; betidanik izan da horrela, historikoki. Eta duela urte batzuk, erabaki ge­nu­en nolabait arautzea, eta gure hizkuntza politika sortu eta hainbat irizpide ezartzea», azal­du du Alaitz Tolosak, Talleres Mitxelenako koordinatzaileak.

Hori horrela, euskaraz daukate enpresako dokumentazio guztia, eta euskaraz izaten dira beraien jarduera guztiak. Eta euskararekin lotutako ekintzetan ere hartzen dute parte, bere erabilera sustatu nahian: «gu­re­an, oso altua da euskararen erabilera maila, era natural batean egiten dugu. Baina hala ere, sustapen lan hori egiten dugu, erabilera areagotzeko».

Bai Euskarari ziurtagiritik, sari potoloena jasotzera
Euskararekiko kontzientziazio eta sentsibilizaziotik abiatu zen Talleres Mitxelena, aurrerapauso hori emateko. Izan ere, «euskalgintzatik gentozen zenbait lagun elkartu ginen, eta ikusi genuen asmoetatik haratago joan behar genuela, bermatzeko enpresan lan egiteko era hau, euskararekiko jarrera hau». Baina horrekin batera, Bai Euskarari! ziurtagiria ere lortu nahi zuten; euskarazko ka­litatezko zerbitzua eskaintzen dutela ziurtatzen duena.

2012an lortu zuten, Bai Eus­karari Zerbitzua Euskaraz ziurtagiria. Baina sari potoloena, aurten jaso dute: Bai Euskarari Saria eman zioten, Euskal Herri osoko enpresen artean, aitortuz «euskararekiko sentsibilitate be­­rezia» dutela, eta euskarak mar­katzen duela «organizazioaren identitatea».

Alaitz Tolosak kontatu du, «sorpresaz» jaso zutela albistea: «sekulako poza izan zen, ez ge­nuen inondik inora espero eta. Beraiek jo zuten guregana, eta pentsatzen dugu, akaso Elhu­yarreko norbaitek edo proposatuko zuela gure enpresa sarietarako, bera­ie­kin aspaldidanik aritu garelako elkarlanean», azaldu du.

Bai Euskarari Saria jaso dute aurten, «euskararekiko sentsibilitate berezia» izateagatik, eta euskarak markatzen duelako «organizazioaren identitatea».

Euskararen normalizaziorako helburuak, Plan Estrategikoan
Aurrerapauso hori ematearekin batera, enpresaren Plan Estra­tegikoan ere txertatu zituzten, euskararen normalizaziorako helburuak: «helburu eta ildo transbersala da guretzat, gure eremu guztietan eta eguneroko funtzionamenduan euskararen presentzia bermatu eta areago­tzea, erabilera sustatuz. Eta ho­rretarako, saiatzen gara euskarari ematen lehentasuna. Hori guztia, txertatuta daukagu Plan Estrategikoan», dio Tolosak.

Lehentasun hori, bezeroekiko tratuan zein kanpo komunikazio guztietan nabaritzen da: «gure aurreneko hitza beti da euskaraz. Egia da, bezero gehienekin gero ezin dugula euskaraz egin, bezero asko, gehienak, kanpotarrak direlako; eta azkenean, beraien beharretara egokitu behar garelako. Baina hala ere, gure aurreneko hitza euskaraz izango da beti. Eta kan­pora begira, gauza guztietan ematen diogu lehentasuna euskarari. Gure webgunean aurreneko hizkuntza da euskara, eta gure iragarkietan ere euskara lehenesten dugu. Eta zerbitzua, erabat bermatua daukagu euskaraz», nabarmendu du.

Koxka bakarra falta dute gainditzeko: «daukagun arazo ba­karra da gure softwarean da­go, ERPa (kudeaketa programa) gaztelaniaz dagoelako. Guk datu guztiak euskaraz sartzen ditugu, eta fakturak eta albaranak ere euskaraz egiten ditugu. Bai­na pro­graman nabigatzeko ordu­an, aginduak eta ko­man­doak gaztelaniaz daude. Eta gure asmoa da, hori ere euskaraz jartzea».

Atzo hasi zen Euskaraldian, partehartze aktiboa izan du Talleres Mitxelenak, eta bitartekari lana egin du langileekin, izenemateekin lagunduz enpresan bertan.

Enpresak zein langileek erronka, ‘Baietz Hernanik!’ eta Euskaraldian
Eta erronka hori bezala, besterik ere hartu dute azkenaldian. Euskara Ari Duren Baietz Her­nanik! egitasmoarekin egin zu­ten bat irailean, lan eremuan dagoeneko bermatuta daukaten erabilera hori, eremu pribatura ere zabaltzen saiatzeko: «hemendik kanpo ere, euskararekiko jarrera izan dezaten nahi dugu, erabilerari begira bereziki. Horretarako eman genuen izena, eta batzarretan ere, aldiro hitz egiten dugu horri buruz».

Eta atzo abiatu zen Eus­karaldian ere, jarrera aktiboa hartu dute Talleres Mitxelenak eta langileek: «izena ematera animatu ditugu langileak, eta bitartekari lana ere egin dugu, izenematea erraztuz. Izan ere, badira batzuk zailtasun gehiago dituztenak, online egiterako orduan; eta hemendik bertatik egiten lagundu diegu. Txapak ere, enpresan jaso ditugu, langileei banatzeko».

Hartu duten erronka, enpresatik kanpoko erabilerari lotutakoa da, hain justu: «dagoeneko nahiko bermatuta daukagu gure erronka nagusia, gure lan hiz­kun­tza euskara izatea. Eta beraz, gure hurrengo erronka da, langileak bultzatzea euskararen inguruko hainbat konpromiso hartzera. Eta enpresa bezala, eus­kararekin lo­tu­tako eki­me­ne­tan parte har­tzea, ho­rrek lagunduko badu euskarari indarra ematen», dio Tolosak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!