«Gauzak ondo bidean, udaran ‘Maialen’ berriz ere uretan egongo da, Hernani ordezkatuz»

Kronika - Erredakzioa 2018ko aza. 24a, 01:00

Gauzak ondo bidean datorren urtean ere Maialen trainerua uretan egongo da. Hernaniko Arraun Elkarteak jarraipena emago dio nesken txalupari, nahiz eta urtetik urtera ez den erraza taldea osatzea. Hala ere, Xabier Zabala entrenatzailea baikorra da hasi berria den denboraldiari begira. «Pasa den urtea oso gogorra izan zen eta Zumaiarrekin egindako akordioari esker izan zen posible trainerua osatzea. Ur­tearen sasoi honetan bost arra­­unlari besterik ez geni­tuen. Aurten berriz arraunlari ge­hiago ditugu. Hamar-ha­maika arraunlari badaude en­tre­natzen eta kopuru horre­kin nik uste udaran Maialen trai­nerua estropadetan ikusi ahalko dela».

Bi neska berri hasi dira, bi berreskuratu ditu Hernanik, Donostiarratik arraunlari bat etorri da, eta kanpoan ikasten dagoen beste batekin 11-12 daude. «Printzipioz urtarrilera arte zain egon behar dugu ea nola doazen gauzak, baina aurrera aterako garela uste dut».

Nahiz eta traineru Ligak eta estropadak udaran jokatu, entrenamendu saioak azaroan hasten dira, eta orain osatu behar izaten dira taldeak. Udara iristean kanpotik etorri daitezke osagarriak, pasa den urtean Kataluniatik hiru arraunlari etorri ziren Her­nanira eta aurtengorako ere «ilusioarekin daude buelta­tzeko hiru badalonatarrak» dio Zabalak.  «Patxada izango du­gu entrenatzeko garaian». 

«Aurreko urtea gogorra izan zen»
Hala ere, pasa den urteko den­boraldiaren oroitzapena denak ez dira gozoak. «Urte benetan gogorra izan zen. Hasieran arraunlari gutxi genituen. Gero Zumaiarekin elkartu eta bertara joaten ginen entre­natzera asteburuetan, neska gazte gazteak eta inoiz trai­neruan ibili gabeak. Udaran sei neska gehiago iritsi zi­tzaizkigun eta bakarra zen aurretik arraunean ibili­takoa».

«Emaitzak ez dira denboraldi batean etortzen, blokearen ondorio dira. Taldeak eta arraunlariek urteetako jarraipena behar dute sendotasuna lortzeko»

Orain bi urte eta aurreko urtean, 14 arraunlarik utzi zuten urte bakoitzean
Taldea ateratzeko zailtasuna urteroko kontua izaten da, ez baitago jarraipenik eta hori botatzen du faltan Zabalak. «Orain bi urte hamalau neskek utzi ondoren hartu nuen taldea. Aurreko urtean beste ho­rrenbeste baja egon ziren; Tolosako bost neska Tolosara bueltatu ziren, bertako beste hainbeste neskek utzi zuten, eta kanpotik etorritako beste lau neskek ez zuten gurekin jarraitu. Behin utzita, asko ez dira inoiz bueltatzen, nahiz eta batenbat berreskuratu; aur­ten Naroa eta Enara itzuli dira, esaterako». 

Xabier Zabalak pena har­tzen du begirada atzera bota­tzean. «Euskotren Ligara sail­ka­tzeko bost segundotara ge­ra­tu ginen bi estropadetan, Gi­puz­koako Txapelketan lau­ga­rren, Kontxan bosgarren sail­katu ginen... Gorantza ­egin eta pauso batera geunden, bai­na ez zen posible izan».

Mirariak egin behar izaten dira arraunlariak erakartzeko eta batez ere arraunean ja­rraitu dezaten. «Ezinezkoa iza­ten da proiektu sendoa gau­zatzea. Arraunlariak kontu­ratu behar du emaitzak ez di­rela bat-batean lortzen edo ez direla egun batetik bestera iritsiko. Atzetik lana egin behar da eta batez ere blokea osatu. Orduan etorri daitezke emaitzak. Goiko postueta dau­den ontzien zergatia horretan datza. Urteak egin dituzte elkarrekin eta horrexegatik egon dira maila altuan. Ez da izan izugarrizko maila eman dutelako bat-batean, baizik eta jarraipenari esker lortu dute aurrean ibiltzea. Eta hala eta guztiz ere aurten hamar neska izatea ez da gutxi».

«Oinarriak ez dira sendoak eta handik eta hemendik arraunlariak batuz osatzen dira traineruak» 
Xabier Zabalak nesken arrau­naren oinarri ahulak azalarazi nahi ditu soluzio bidean. «Oinarriak ez dira sendoak. Baina ez da Hernaniren gauza, talde gehienak daude egoera antzekoan edo berdinean. Do­nostiarrak handik eta he­men­dik arraunlariak bilduz osa­tu du txalupa, Arraun La­gunakek ere bi galiziar, bi ondarrutar, kataluniar bat, patroia ere bizkaitarra... behar izan ditu uretaratzeko. San Juanek dena irabazi du eta emaitza histo­rikoak lortu ditu, baina tal­dea galiziarrak, bizkai­tarrak, donostiarrak... bertakoak ez diren arraunlariz osatua egon da. Talde batzuek asteburue­tan bakarrik uretaratu zeza­ke­ten trainerua». 

Deia Elorrabira hurbildu eta arraunean hasteko
Hernanik deia egiten dio arraunean egin nahi duen orori probatzera eta Elorrabira hurbiltzea, 16:00­etatik aurrera. Oinarri sendoak lortu behar dira eta klubak ontzi txiki­etako ligax­kei garrantzi gehi­ago eman beharko lieketela uste du Zabalak. «Euskotren Ligari begiratzen diote denek, eta aldi berean ez gara gai batel eta trainerilla ligaxka duina antolatzeko».  

«Batel eta trainerilla ligaxka duinak antolatzeko zailtasunak daude»

Mutil infantil, kadete eta jubenilak ere badaude
Horrexegatik aurrera begi­ratzen du Hernaniko klubak eta oinarriarekin lanean dabil­tza. «Mutilak Donostiara bide­ratzen ditugu eta neskak Mai­alen trainerura. Zazpi-zortzi jubenil daude eta hamar ka­dete inguru. Infantilak ere ba­ditugu eta ligaxkan ongi ibiliko dira. Pasa den urtean ere emaitza onak lortu zituz­ten. Aurreko udaran Hernanitik ateratako arraunlari asko egon dira, eta ia denak Hernanitik ateratakoak izan dira».

Kontuan hartu behar da nes­kak jubenil mailan trai­neruan hasi daitezkeela eta ongi etortzen da hori. «Neskak adin horretan helduagoak dira. Ez da be­gi bistatik kendu behar ha­mar neska horiek ez baleude eta Maialen ate­ra­tzerik ez ba­lego, Herna­niko Arraun Taldea se­guruenik de­sa­gertu egingo litza­teke. Hiru,  eskarmentu haundiko arraun­lariak dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!