Maila ederrean hasi du kros denboraldia, Anartz Artola hernaniarrak; eta Atapuercako lasterketan ederki aritu ondoren, erakustaldia eman zuen aurreko asteburuan, Gipuzkoako estreinako proban: garaipen ederra lortu zuen, 20 urtez azpikoen kategorian, 18:02 denborarekin, Aimar Larrea bigarrenari minututik gorako aldea aterata.
Enara Kerejeta, bigarren
Hernaniar gehiago ere izan ziren Irunen, 23 guztira, eta lasterketa haundia egin zuen Enara Kerejetak ere, alebinetan bigarren postua lortzeko.
16 urtez azpikoetan, berriz, hiru neska sailkatu ziren onenen artean: seigarren izan zen Izaro Salaverria, zazpigarren June Montero, eta zortzigarren Arixen Unanue. Mutiletan, berriz, bederatzigarren izan zen Danel Iriondo, kategoria berean.
Ederki aritu ziren 18 urtez azpikoak ere: zortzigarren sailkatu zen Gorka Lopez de Arregi, eta hamargarren Unai Iraola.
Eta master kategorian, Txelu Del Sol aritu zen, zortzigarren postuan helmugaratuta.
Donostiako Maratoia, asteburu honetako zita
Asteburu honetan, berriz, belarra eta lokatza utzi, eta asfaltoan izango dute zita nagusia, atleta hernaniarrek. Donostiako Maratoia jokatuko da bihar, goizeko 09:00etan hasita, eta Gipuzkoako Txapelketa ere egongo da jokoan.