Aurreko asteko porrotari erraz eman diote buelta Astigarragako Mundarroko mutilek, etxean. Zarkumendegin jokatu zuten Oriokoren kontra, eta 2-0 irabaztea lortu zuten.
Hasiera, ez hain ondo
Aurreneko zatia nahiko deseroso hasi zuten astigartarrek, eta ondorioz, partidua ez zuten oso ondo hasi. Sentsazioak areagotu egin ziren aurkariak zuelako denbora gehien; baloia berreskuratzean, gainera, hanketan ez zien askorik irauten.
Hasiera hala izan bazen ere, aurreneko zatiaren erdialdean ondo burututako presio batek baloia aurkariaren porteriatik gertu lapurtzea erraztu zuen, eta jokaldi azkar bati bukaera emateko, Landerrek gola sartzea lortu zuen.
Gol honek, ordea, ez zuen taldeen jokamoldea gehiegirik aldatu atsedenera bitarte.
Bigarren zatian, bigarrena
Gehiago eman nahi izan zuten etxekoek bigarren zatian, eta hala egin zuten 15garren minutuan: Landerren eta defentsaren arteko jokaldi azkar baten ondorioz, baloiak sarea ukitzea lortu zuen.
Hortik aurrera, partidua kontrolpean izatea lortu zuten astigartarrek, baloia gehiagotan eskuratu zuten, baita aurkako zelaia gehiago zapaldu ere.
Hernaniren kontra, derbia
Etxean jokatuko dute, berriro ere, asteburu honetan. Oraingoan, derbia izango dute, hernaniarrak hartuko baitituzte.