Bosgarren urtea da Errigoraren Nafar hegaoldeko uzta euskarari puzka kanpaina martxan jartzen dela, eta aurtengo saskiak eskatzeko epea irekita dago, azaroaren 14ra arte. «800.000 euro bideratu dira dagoeneko zonalde zigortuko ikastolak eta AEK indartzera», azaldu dute Errigoratik.
Bi saski mota, aukeran
Bildutako diru hori, Nafarroako erriberako produktu ekologikoekin osatutako saskiak salduta lortzen da. Zati bat (%75) produktu horien ekoizleei bideratzen zaie, eta bestea (%25), Nafarroako gune ez euskaldun bezala sailkatutakoetan euskera sustatzera.
Laguntzeko modurik onena, beraz, saskiak eskatzea da. Aurten ere bi saski mota daude aukeran.
Batetik, beltza: oliba-olio birjina estra, ozpin ekologikoa, mahats-zuku ekologikoa, alkatxofa bihotzak, piper txorizero mamia, potxak, ardo beltz ekologikoa, esparrago txuriak, borraja ekologikoa, pikillo piper osoak, almendrak, melokotoia almibarretan eta tomate frijitua.
Bestetik, saski txuria: pikillo saltsa, pasta ekologikoa, pikillo piper osoak, alkatxofak, esparrago txuriak, ardo beltz ekologikoa, esparrago krema, piperrada, ozpin ekologikoa, arroza, teilak, ardo eta kanela pastak eta txokolatezko cookieak.
Eskaerak online eta aurrez aurre
Saski bakoitzak 50 euro balio ditu, eta asteazkenera arte eskatu daitezke, interneten www.errigora.eus webgunean, edo aurrez aurre, Hernaniren kasuan, AEKn, Langile ikastolako Laubidieta eraikinean, Lurreko Ekodendan edo Karabeleko Ekonekazaritza Etxaldean.