Ostiral iluntzean, Biteriko sukalde gelan. Astero hitzordu bera, ostiralero ostiralero, herriko euskera bultzatuko zuen talde bat mamitzen hasteko, txokolate artean. Euskerari gozotasuna emango zion elkarte bat sortzeko. 1992ko apirila zen, bilera horiek hasi zirenean; eta urtebete beranduago jaio zen hortik, Dobera Euskara Elkartea dena. 25 urte bete ditu aurten, eta festa batekin ospatuko dute urteurren borobila, datorren larunbatean.
Juan Mari Jalonek, Doberako aurreneko lehendakaria izango zenak, gogoan ditu hasierako pauso haiek: «nik gutun bat jaso nuen etxean, asmoaren berri emanez eta bilera baterako deituz. Uste dut euskalgintzaren munduan ari ginen herritarrei bidali zigutela konkretuki. Gogoan dut, bileraren bezperan, Biterin ginela AEKren 25garren urteurrena ospatzen, eta Lurdes Huitzik gogorarazi zidala». Aurreneko bilera hartan, «jende asko» zegoela ere kontatu du: «herritar asko azaldu ziren, gazteak ere bai. Oso onak izan ziren aurreneko bilera haiek; inork ez zekien askorik, eta guztiek botatzen genituen ideiak, zer egin beharko genukeen. Jendea lanerako prest eta gogotsu zegoen, borondate onez. Jende faltarik ez zegoen, eta ilusio haundia bai».
Txokolatearena ere ez du ahaztu Jalonek: «sukalde gelan egiten genituen bilera haiek, ostiralero. Eta garai hartan, forma ezberdinetako txokolatea egiten aritzen ziren bertan. Han bilduta, ez genekin txokolate hura jan, edo gure bilerarekin jarraitu... Baina azkenean, txokolateari ezikusiarena egin, eta gurera jartzen ginen», kontatu du umorez.
Dobera herritarrei aurkezteko, triptiko bat zabaldu zuten: elkarteari buruzko informazioa, asmoak, bertso bat, eta herriko talde guztietako ordezkariekin egindako argazki bat.
Asmoa, herriko gazteen artean piztutakoa
1992ko apirilaren 9an izan zen aurreneko saioa, 19:45etan hasita, eta 34 herritar elkartu ziren. Baina hitza, bi lagunek hartu zuten, lehenik: Iñaki Markok eta Joanmari Larrartek. Beraiek eman zuten asmoaren berri, eta txosten bat ere banatu zieten, bertaratuei. Izan ere, kontua ez zen berria beraientzat: 1991ko abenduan hasi zen asmoa pizten, herriko gazteen artean.
«Askorik ez dut gogoratzen, baina bai bilera pare bat egin genituela, herriko gazte talde bat elkartuta. Ikusten genuen, herrian zerbait egin beharra zegoela, kultura eta euskera mailan. Eta garai hartan, euskera elkarteak sortzeko mugimendua puri-purian zegoen. Horregatik, aukera hori planteatu genuen, eta deialdia egin genion euskalgintzaren munduan zebilen jendeari, aurreneko kontaktu eta kontraste baterako», azaldu du Larrartek.
Beste herrietako euskera elkarteekin, bilerak
Urte osoan jarraitu zuten bilerek; ez beraien artean bakarrik, baita kanpokoekin ere. Esate baterako, beste herrietako euskera elkarteetara jo zuten, beraien esperientzia jasotzera, zer egin behar zuten jakiteko: «Arrasateko AEDren egoitzan izan ginen behin baino gehiagotan, hura baitzen euskera elkarte zaharrena; 10 urte lehenago sortu zen. Eta Tolosako Galtzaundin eta Lasarteko Ttakunen ere izan ginen hainbatetan; Dobera baino urtebete edo bi urte lehenagokoak dira horiek. Garai hartan sortu ziren euskera elkarte asko. Baten izenarekin geratu nintzen bereziki, Ermuako Euskal Birusa Elkartearekin, hain justu», azaldu du Jalonek.
Beste zita bat ere gogoratzen du berak: «1993ko urtarrilaren azkeneko igandean, oker ez banago, Biteriko sarreran elkartu genuen, herriko talde guztietako ordezkari bana, argazki bat egiteko. Talde politikoak, kultur eta kirol taldeak... zeuden ordezkatuta han. Argazki hori izan zen, Doberaren aurkezpen triptikoan jarri genuena».
Herrian zabaldu zuten triptiko hori, eta bertan jasotzen zen, argazki horrekin batera, Doberari buruzko informazioa, elkartearen asmoak, eta baita bertso bat ere, Jalonek berak idatzitakoa, Dobera zer zen azaltzen zuena:
Hernanin sortu dugun
denon Elkartera
zatoz, bildu gaitezen
denok batera
ondo eginez gero
denontzat aukera
elkarlanerako da
ez izan hozpera
aurrera euskera
gora beti bera
euskaldunon era
zulotik atera
horretaraxe dator
gure Dobera.
Urte hartako Joxe Legarreta Sarian, Hernaniko Bertso Paper Lehiaketan, aurkeztu zuen Jalonek. 12 bertsoko sorta baten azkenekoa zen hori; guztiak, ‘Euskara eta Hernani’ gaiarekin, Doberari buruz idatziak.
Martin Idarreta zenak, opari berezia
Triptikoak banatzen hasi zirenerako, noski, erabakita zeukaten elkartearen izena: «hasieran nik proposatu nuen Harri Burni izena jartzea, aurreneko euskera klaseak Harri Burnin eman nituelako nik, eta itxita zegoelako ordurako», azaldu du Jalonek; «baina inozoa ni, ez nintzen konturatu, HB inizialak izango zituela, eta esan zidaten akaso ez zela egokia. Beraz, baztertu egin genuen. Eta besteren batek, Dobera izena proposatu zuen. Musika instrumentu bat da, burnizko txalaparta moduko bat, nolabait esateko. Eta buelta askorik eman gabe, hurrengo bileran onartu genuen Dobera izena».
Eta izena erabakita, logoa egiteko garaia ere iritsi zen. Lehiaketa irekia egin zuten, eta elkartearen 25 urte hauetan izan da logo hura, Doberaren logoa. Aurten berritu dute, urteurrena ospatzeko.
Aurreneko logo hori, egurrean tailatu zuen Martin Idarreta harakina zenak, eta opari eman zien elkartekoei. Oraindik ere, egurrezko artelan horrek egiten die harrera, Doberaren bulegora gerturatzen direnei.
1993ko ekainaren 14an, Jaurlaritzan inskribatuta
Elkarte moduan funtzionatzen hasi zen Dobera, 1993ko apirilean, bilerak hasi eta urtebetera. Estatutuak idatzi, eta beharrezko karguak zeinek beteko zituzten adostu zuten, elkartea inskribatu ahal izateko. Honakoek osatu zuten, aurreneko zuzendaritza taldea: Juan Mari Jalon lehendakari, Iñaki Gastesi zena lehendakariorde, Xabier Etxeberria diruzain, Marian Apezetxea idazkari, eta Iñaki Marko, Maite Garaiar, Jokin Nazabal eta Jon Eizmendi batzordekide. Baina beste asko izan ziren, elkartearen sorrera hartan buru-belarri aritutakoak: Jokin Nazabal, Joxe Mari Landatxe zena, Joanmari Larrarte, Eulali Aranburu, Amaia Miner, Luzi Kasko, Ana Ibabe, Lurdes Huitzi... Azkeneko hori izan zen, hain justu, Doberaren aurreneko teknikaria.
«Nola aukeratu ninduten ni lehendakari? Erraz erraz egin zuten. Behin Kitto tabernan sartu ginen, elkarteko lau edo bost, barru-barruraino. Ni tabako bila altxa nintzen, eta bueltatu nintzenean, irriparrez begira neuzkan. ‘Zer pasatzen da?’ galdetu, eta dagoeneko bagenuela lehendakaria, ni izango nintzela. Zergatik galdetuta, erantzun zidaten nik ezagutzen nuela ondoen Hernani. Erantzunik gabe geratu nintzen», kontatu du Juan Mari Jalonek. 1993tik 1997ra izan zen lehendakari.
Eskaera maiatzean eginda, 1993ko ekainaren 14an inskribatu zuen Eusko Jaurlaritzak Dobera Euskara Elkartea, legez; eta uztailean jaso zuten elkarteko kideek, onarpenaren berri.
Gaur egun Kaxko elkarteak daukan lokalean, hasiera
Behin elkartea sortuta, gaur egun Kaxko elkartearena den lokalean eramaten zuten aurrera, Doberaren jarduna: «txiki-txikia zen bulegoa, eta mugitu ezinik egoten ginen bileretan, paretaren kontra». Aurrerago mugitu zen elkartea, oraingo lokalera, 2000 urtean.
Berehala hasi ziren, mota guztietako ekintzak antolatzen. Aurrenekoetako bat izan ziren Dobaketak izeneko jardunaldiak. Hiru egunez antolatu zituzten, 1993ko ekainaren 5ean, 12an eta 19an, lanean hasi aurretik herriko egoera zein zen ezagutzeko. Iñaki Markok gidatu zuen aurrenekoa, Hernaniko euskeraren historia eta egoerari buruz. Bigarrenean, hizkuntza plangintza eta euskeraren berreskurapenerako lehentasunak landu zituzten, Ttakuneko Iñaki Arrutirekin. Eta hirugarrena, euskera elkarteak burutu beharreko egitasmoei buruzkoa izan zen, Kike Amonarrizek gidatuta.
Jardunaldien ondoren, bertan landutakoarekin liburuxka bat osatu zuten, eta lantaldeak egin zituzten gero, Doberaren barruan, bakoitzak bere jarduna aurrera eramateko, eta gero talde eragilearen bitartez guztiak koordinatzeko. Lau batzorde osatu zituzten: azpiegitura eta propaganda batzordea, hitzarmen eta sentsibilizazio batzordea, kultura batzordea, eta gazte batzordea. Eta hortik aurrera, ekintza ugari antolatzen hasi ziren: gazte afaria, Maskota Lehiaketa, Gabonetako loteria...
Egitasmo bat nabarmendu du Jalonek: «Koaderno Kulturalak izan ziren garrantzitsuenetako bat, niretzat. Etxez etxe banatzen genituen, auskalo zenbat ale. Gai ezberdinak lantzen genituen horietan».
1995etik 2000ra, 16 Koaderno Kultural egin zituzten, eta makina bat urteren ondoren, jendea gerturatu izan da Doberara, haiengatik galdezka.
«Ilusioa egin dit, ikustea kalean jarri dituzten kartel laranjak, garai hartakoak»
Autobusak izan ziren garrantzitsuak, baita ere: «aurrenekoa Ordiziara antolatu genuen, Kilometroetara, elkartea sortu eta berehala; baina bertan behera utzi behar izan genuen, bat bera ere ez zelako apuntatu. Gero bai, indarra hartu zuten, eta Tuterara, Tafallara... joan gara, Nafarroa Oinezera. Beran izan zenean, sei autobus eraman genituen, pentsa!».
Autobusak iragartzeko, eta beste gauza askotarako, kartel jakin batzuk erabiltzen zituzten: «kartel laranja batzuk ziren, guk sortutakoak, eta denerako erabiltzen genituen. Ilusioa egin dit, ikustea kalean jarri dituztela kartel laranja horiek orain, Doberaren 25garren urteurreneko festa iragartzeko. Nik horrelako sei neuzkan etxean, eta ez dut ezer bota nahi izaten. Baina azkenean bota behar... eta bost bota nituen, baina bat gordeta daukat», kontatu du Jalonek.
Gogoan dauka, baita ere, ostegunetako ferian postua jartzen zuela Doberak: «bi astetik behin, karpa montatzen genuen, euskerarekin lotutako gauzak saltzeko. Kamixetak ere bai, Doberak egindakoak».
‘Eguerdion!’ aldizkaria, gerora Kronika izango zenerako probak egiten
Hasiera hartako ekintzen artean, izan zen bat kalera iritsi ez zena. 1994an, Eguerdion! izeneko aldizkari baten hiru ale egin zituen Doberak, Donostiako Urumea euskaltegiko lokalean. Aldizkari bat egiteak zer suposatu zezakeen ikusi nahi zuten, dirutan, lan aldetik...
Esan liteke, gerora sortuko zen Kronikaren aurrekaria izan zela Eguerdion!, orrialdearen tamaina ere berbera baitzuen, nahiz eta lau orrialde zeuzkan, bi orrialde beharrean. Proba haietatik sei urtera sortuko zuen Hernaniko Kronika, Doberak, data berdintsuetan, San Joan jaien bueltan.
Sortzaileei omenaldia eta festa, datorren larunbatean
Hasierako egitasmo haietako zenbait, martxan daude oraindik, 25 urteren ondoren. Eta beste asko ere izan dira, Doberaren ibilbide luzean.
Gaur egun, 466 bazkide ditu Doberak, eta makina bat egitasmo abian: Gure Artean Euskaraz, Zinea Euskaraz, Hala Bazan, Motibazio Saioak, Ipuin Faktoria, Kronika, Burbunak eta etsayak, ekimen kulturalak, Bota Bertsoa!, Jolas eta Solas, Hamaika Batuaz Udaleku Ibiltariak eta Negulekuak.
Eta datorren larunbatean, azaroaren 24an, 25garren urteurreneko festa egingo dute.
Aurrena, 11:00etan hasita Tilosetan, umeentzako jolasak egingo dituzte, Doberako begiraleen eskutik, eta Latxe aldizkariko Burruntzi ere bertan dela. Ondoren, 13:00etan Tilosetan, omenaldia egingo diete, Doberaren sortzaileetako batzuei. Baina nabarmendu dute, beste askok ere lan haundia egin zutela, hasierako urte haietan.
Eta festa borobiltzeko, kantu bazkaria egingo dute Xalaparta elkartean, 14:00etan, Imanol Kamio eta Aitor Atxegarekin.