Hamaika eguneko erronkan murgilduta, euskerari eusten, harrapatuko ditu Urumea bailarako biztanleak Euskararen Eguneko ekitaldiek. Hernanin, osteguneko Mintzodromoarekin hasi ziren jarduerak, Udal Euskaltegiaren eskutik. Eta atzo egin zuten bigarrena, Hernaniko Hezkuntza Plataformak, Euskara Ari Du elkarteak eta eskolen artean antolatuta. 600 ikasle baino gehiagok egin zuten dantza Ari du abestiaren doinura, eta Ttarla dantza taldeak sortutako koreografia jarraituz.
Baietz Hernanik! urteko erronkan murgilduta baitaude hernaniarrak, eta horietako asko ari dira parte hartzen astelehenean bukatuko den Euskaraldian.
Hain zuzen, denera «ia 3000 lagun ari dira ahoa dantzan jartzen» Hernanin, Axun Larburuk Atsegindegiko oholtza gainean azaldu bezala.
Astigarragan, bihartik
Astigartarrak, aldiz, Euskaraldian besterik ez dira parte hartzen ari. Ia 500 lagun ari dira Ahobizi edo Belarriprest gisa hizkuntza-ohiturak aldatzen, eta astelehenera arte, Euskeraren Egunera arte eutsiko diote bereari.
Horren bitartean, hainbat ekitaldirekin gozatuko dute astigartarrek. Gaur izango da aurrenekoa: Zutuberrak antzezlana. 9 urtetik gorakoentzat eskainiko dute, eta Olatz Pagaldai eta Jon Zubiagak aurkeztuko dute. Arratsaldeko 19:00etan izango da, kultur etxean.
‘Zutuberrak’ antzezlana gaur, hizkuntza-ohiturei eta teknologia berriei buruz.
Antzezlanak hizkuntza-ohiturak eta teknologia berriak uztartuko ditu. Hain zuzen, kontatuko dutena izango da: «txipa aldatzeko momentua iritsi da Bits eta Gor izeneko gazteek erakutsiko digutenez.
Baina hori bakarrik ez, egunean bertan, etzi ere, bi emanaldi izango dira. Bata, Astigarragako Herri Eskolakoek kiroldegian egingo dutena. Arratsaldeko 15:30etan hasita, emanaldia egingo dute bertan, egun berezi hau ospatzeko.
Eta bestea, kultur etxean izango da. Arratsaldeko 19:30etan hasita, gospel emanaldia eskainiko du The Upper Room taldeak. Euskeraren Nazioarteko Eguna dela-eta, euskerazko doinuak besterik ez dira entzungo.
Gainontzekoak, erronkan murgilduta
Gainontzeko herrietan, aldiz, ez da ekitaldi berezirik egingo, baina bete-betean daude murgilduta Euskaraldian: 147 goizuetar ari dira hizkuntza-ohiturak aldatu nahiean, eta 39 dira, Aranon. Epeak dagoeneko itxita daude, eta beraz, horiek dira astelehenera arte euskerari eusten arituko direnak; Euskal Herri osoan, 220.000k eman dute izena.