Aurrera jarraitzen dute Goizuetako kultur ekintzek, eta zita garrantzitsuena gaur zortziko Feria Eguna izanen den arren, aurretik ere badute zerekin gozatua, herritarrek.
Horretarako, sekulako plana daukate gaurkoan: iaz egin zuten bezala, Katarrapikaka lehiaketa «mundiala» eginen dute berriro. Udaletxeko ganbaran izanen da, arratsaldeko 18:30etan hasita. Talde partehartzaileek, mota guztietako probak eginen dituzte, herriaren inguruko ezagutzarekin eta euskerarekin lotutakoak.
Datorren ostiralean, berriz, euskal kantu emanaldia izanen da, 18:30etan ganbaran hori ere. Oiartzunetik etorrita, Irati, Ane eta Joxe Leonek osatutako hirukoteak eskainiko du.
Hurrengo egunean izanen da Feria Egun haundia, egun osoko programarekin. Herriko artisauen erakusketak izanen dira aurrena, goizeko 10:00etan hasita ordu laurdenero; Emarri taldekoen eta goizuetarren arteko giza proba desafioa gero, 12:30etan; babarrun jatea bazkalorduan; eta Bixenterekin musikaldia azkenik, 18:30etan.