Hasiera bikaina astigartarrek, pistako denboraldiari

Kronika - Erredakzioa 2018ko aza. 17a, 01:00

Errepidea utzita, pista denboraldiari eman diote hasiera txirrindulariek. Pasa den asteburuan hasi zen, Donostiako Antonio Elorza belodromoan, Bio Racer Oiartzun Bike Tor­neoa, eta denera, 93 txirrindularik hartu zuten parte. Tar­tean ziren hiru astigartar: Baz­pi taldeko Jaime Romero eta Donosti Berriko Telmo Sempe­rena juniorrak, eta  Open mailan, Eibar Hiria Energia taldeko Urko Semperena.
Oso ondo hasi zuten hirurek denboraldia. Izan ere, Romero lider jarri zen, juniorretan, 37 puntu bilduta, eta Telmo Semperena bigarren, 35ekin. Baita Urko Semperena ere; bigarren izan zen Open mailan.
Gaur, 15:30etan hasita, Tor­neoko bigarren jardunaldia izan­go dute jokoan.

Bina proba, maila bakoitzean
Aurreneko jardunaldian bina proba egin zituzten txirrindulariek, maila bakoitzean.
Juniorrei dagokienez, denbora eta puntuazio probak egin zituzten. Aurrenekoan, Jaime Romerok ihesera jo zuen, eta jokoan ziren 18 sprinten artean 10etan aurrenekoa izan zen. Pelotoia itzulian irabazi, eta garaipena erraz eskuratu zuen. Asier Pozo, Jaime Romeroren taldekidea, bigarren izan zen, pelotoiari gaina hartuta eta 4 sprint irabazita. Telmo Sem­pe­rena, berriz, hirugarren izan zen, 2 sprint irabazita.
Puntuazio probari dagokionez, lehia haundia izan zen, eta epaileek lan haundia egin be­har izan zuten guztia kontrolatu ahal izateko. Azkenean, Tel­mo Semperenak lortu zuen ga­raipena, 51 puntu bilduta. Puntu bakarreko aldearekin irabazi zuen, bigarren eta hirugarren postuan sartu ziren Bazpiko bi txirrindulariek 50na puntu egin baitzituzten. Hauen artean zegoen Jai­me Romero astigartarra, eta azken sprintean kidea baino azkarrago ibili zenez, berdinketa desegin zuen, bere alde, eta bigarren postua lortu zuen.
Lan ikusgarri hori eginda, Jaime Romero liderra izan zen sailkapen orokorrean, junior mailan, 37 punturekin, eta Tel­mo Semperena bigarrena, 35 punturekin.

Open mailan, berriz, au­rrei­kusi bezala Illar Zuazu­bis­kar izan zen txapelduna. Mun­duko kopako probak egin be­rri­tan, sasoi onean dagoela era­kutsi zuen. Dena den, Urko Sem­perena astigartarrak au­rre egin zion. Ez zuen lortu garaipena, baina bi probatan bigarren postuan geratu zen; bai scrachet-ean eta baita eliminaziokoan ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!