«Biztanleriaren hazkunde bortzitzak ez du egokitzapena izan anbulatorioan»

Kronika - Erredakzioa 2018ko aza. 17a, 01:00

Anbulatorioaren inguruan hiru eskaera zehatz egiteko, mozioa aurkeztu du EH Bilduk, «Udalak Eusko Jaurlaritzari hainbat eskaera egin diezazkion». 

 Alde batetik, «pediatra eta emaginaren zerbitzua indar­tzea» eskatzen dio Eusko Jaur­laritzari. Bestetik, «anbulatori­oak legeak aipatzen dituen ratioak betetzen dituen jakin ahal izateko anbulatorioaren zerbitzuaren diagnostikoa egitea». Eta azkenik, «herritarrenganako zerbitzua hobetzeko, anbulatorioa arratsaldez irekitzeko aukera aztertzea».

Biztanleriaren hazkundea medio, egokitu beharra
Eskaera horiek arrazoitzeko hainbat datu ematen ditu al­derdiak. Osasun zerbitzuan ho­bekuntza batzuk egin direla onartu arren, nahikoak ez direla azpimarratzen du, biztanleria kopurua haunditu delako.

«2005ean Astigarragako an­bulatorio berria inauguratu zen. Joseba Barandiaran Pla­zako lokaletik gaur egungo kokagunera pasa zen anbulatorioa. Lokal haundiago eta hobeagora, zalantzarik gabe. Hala ere, 2005etik herria asko aldatu da. 2006an Astiga­rra­gan 4.242 biztanle baziren, egun 6.478 biztanlde daude, hau da, ia %53 biztanle gehiago. Alabaina, biztanleriaren haz­kunde bortitz honek ez du bere egokitzapena izan anbulatorioan. Zalantzarik gabe, anbulatorioko profesionalen dedikazio eta esfortzuari esker zerbitzua aurrera atera dute, baina ez da nahikoa baliabide humano faltagatik».

«Gainezka dagoen zerbitzua»
Zerbitzua indartu dela ere az­pimarratzen du, familia mediku berri batekin. Baina «pediatra eta emaginaren egoera kez­kagarria» dela uste du. «Osa­kidetzaren arautegiaren arabera, 0-13 urte bitarteko 1.000 biztanleko, pediatra bat beharko litzateke anbulatorioan. Asti­garragan dagoeneko 0 eta 13 urte bitarteko 1.213 haur daude, eta horrek pediatraren lana gainezka egotea dakar».

«2006an Astigarragan 4.242 biztanle baziren, egun 6.478 daude, hau da, ia %53 biztanle gehiago»

Egoera hori urteko garai batzuetan larritu egiten dela ere azpimarratu du. «Opor-aldietan pediatra zerbitzua Urnietarekin elkarbanatzen da eta horrek, dagoeneko gainezka dagoen zerbitzua hankaz gora jartzen du».

Emaginaren zerbitzuarekin ere antzeko zerbait gertatzen dela dio EH Bilduk. «Emakina Hernanirekin partekatzen da. Astigarragan 2 egunez egon beharko luke, baina bigarren egun hori Hernanin egiten du. Gutxi ez balitz, azken urteetan, haurren jaiotze kopuruak etengabea gorantz egin duela kontuan hartu behar da».

Hori guztia kontuan har­tzeko eskatzen dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!