Kutxa Ekoguneko Negulekuetan, ez gaude lozorroan!

Kronika - Erredakzioa 2018ko aza. 17a, 01:00

Natura lozorroan sartzen da neguan: hostoak erortzen zaizkie zuhaitzei, adibidez. Baina Kutxa Ekogunea ez dago lozorroan, eta aisialdirako ha­maika aukera eskaintzen ditu. Horietako bat, abenduko opor egunetarako Negulekuak. Aur­tengo Negulekuetan, lozorrotik ateratzera gonbidatzen gaitu Kutxa Ekoguneak, eta Neguleku hauekin, etxeko gazteentzako pro­gramazio berezia antolatu dute, beti ere, naturarekin ha­rremanetan egotea oinarri. Izenematea irekita dago interneten: www.ekogunea.eus.

Bi txanda, 3-10 urtekoentzat
Negulekuak 2008 eta 2015 bitartean jaiotako umeei zuzenduak dira, biak barne. Bi txanda daude aukeran: abenduaren 24tik 28ra, 25ean jai eginda, eta abenduaren 31tik urtarrilaren 4ra, urtarrilaren 1a jai eginda.
Goizeko 09:30etatik 13:30eta­ra egingo dira, baina nahi duenak zaint­za zerbitzurako ere eman de­zake izena, 08:30etatik 09:30e­ta­ra, edo jangelarako, 13:30etatik 15:00etara.

Gaiarekin lotuta, lozorrotik pixkanaka ateratzeko ekintzak egingo dira egunero. Aurrena, eguneko gaiarekin lotutako ipuina kontatuko da goxo-goxo Haur Parkean, eta gero, eguraldiak uzten duen guztietan, kanpoan, naturan egingo dira ekin­tzak: baratza landu eta in­guruko animaliak ezagutu eta beraientzat aska edo janlekuak prestatu, besteak beste.  Horrez gain, egun bereziak ere badaude, hala nola, inuxenteen egu­na eta kontsumo jasangarria bultzatzeko gabon solidarioak.

Naturarekiko harremana, jasangarritasuna, jolas-librea 
Aisialdirako aukera asko izaten dira neguko oporraldian, baina Kutxa Ekoguneako Negulekuen be­reizgarria da naturarekin une oro harremanetan egoteko au­kera ematen dutela. «Hau­rra-natura harremana susta­tzen dugu, natura ezagutu, erres­petatu, eta honela haurrengan, jasangarritasunaren bidea in­dartuz. Helburu hau lortzeko, jolasa erabiltzen dugu, haurren modu naturala baita, mundua ulertzeko», azal­tzen du Irati Andoño Er­dozain, arduradunak.

Bestalde, jasanga­rri­tasuna, Kutxa-Ekogunearen oinarri izanik, Ne­­­gu­lekuetako jarduera guztietan ere oinarri da. Ho­rre­gatik Negu­le­kuetako tailerretan ma­te­rialak berrerabiltzen dituzte eta kon­tsumo ardura­tsua eta jasangarria sustatzen dute, besteak beste haurrei etxetik materialak ekartzeko esanez, edota hondakin gu­txiko hamaiketakoa ekarriz.

Era berean, hizkuntza ekologia ere zaintzen dute; hau da, eus­kararentzako asnargunea da Kutxa Ekogunea. «Hizkuntza ekologiak, hizkuntza guztien garapen jasangarri bat lortzea du helburu». Adin ezberdinetako haurrak ere nahasten dituzte taldeetan, «autonomia eta elkarlana bultzatzeko». 

Azken batean, «gure Negule­kuetan, naturan bizi, gozatu eta dibertituko gara, neguan ere na­turak milakak aukera es­kain­tzen dizkigulako. Beraz ez geratu etxean lozorroan eta etorri Ku­txa Ekoguneko Negu­lekuetara».

‘Haizearen dantza’, gaur
Negulekuez  gain, Kutxa Ekogu­nean asteburu eta jai-egunetan tailerrak ere badira aukeran. Hi­lero larunbat goizetan, 11:30e­tan ipuin kontaketak izaten di­ra doan, eta igandetan, 12:00e­tan tailerrak, 5 euroan. Hileko azken igandetan, berriz, ipuin antzeztuak: azaroaren 25ean, Xanti muxarra. Eta noizean behin, ekintza bereziak; gaur, 12:00etatik 13:00etara, ‘Haize­aren dantza’ tailerra. Izena emateko eskatzen da, interneten: www.ekogunea.eus. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!