Behobia-Donostia lasterketa izan zen aurreko asteburuan, baina helduek bakarrik ez, haur eta gazteek ere izan zuten aukera, proban parte hartzeko. Larunbatean, Behobia Txikia egin zuten Anoetan, eta garaipena lortu zuen Mikel Campos hernaniarrak, infantil mailan. Igandean, berriz, Behobiaren azkeneko 4,4 kilometroak egin zituzten kadete eta jubenilek, Herreratik Bulebarreko helmugara, Behobia Gaztean. Eta bertan ere izan ziren CD Hernaniko atletak, baita maila bikainean aritu ere. Neska kadeteetan, bigarren sailkatu zen Izaro Salaverria, laugarren June Montero, eta bosgarren Arixen Unanue. Mutil jubeniletan, berriz, zortzigarren postuan sartu zen Gorka Lopez de Arregi.
Igandean bertan, beste zita bat ere izan zuten taldeko atletek, Burgosen: Atapuercako Nazioarteko Kros garrantzitsuan hartu zuten parte. Anartz Artolak 25garren bukatu zuen proba, 20 urtez azpikoetan, 6 kilometroak 19:13 denboran osatuta; eta Xabier Barberenak 15:37 denboran osatu zituen 4 kilometroak, master kategorian.