Memoria historikoa lantzen duen elkartea da Hernani Errotzen, eta hainbat ekintza antolatu ditu udazken honetarako. Aurrenekoa, gaurkoa: 20:00etan kontzertua emango du San Joan Bataiatzailea elizan Donosti Ereski Gregoriar Schola abesbatzak.
Talde honek, hain zuzen, 40 urte baino gehiago daramazki musika gregorianoa osatzen duen kanta-multzo zabalaren hedapen lanetan, eta gaurkoan Azken Mendeetako Gipuzkoar Gregorianoa liburu-diskoa aurkeztuko du: hiru mendetako hainbat liburutan jasotako melodia-sortak bildu ditu bertan.
Hiru sorten artean, Manuel Larrarte hernaniarrarena
Azken mendeetako Kodize eta Kantoraletatik aukeratutako abesti sorta bat prestatu du Donosti Ereskik gaurko emanaldirako; tartean, Joan Manuel Larrarte, Hernaniko parrokian organista izan zenaren obra bat: Hondarribiako parrokiarako egindako eskuizkribua (1828).
Horrez gain, Oñatiko Kodizea (1614) eta Donostiako San Telmo monasterioan Predikadoreen Ordenak egindako Azkoitiko Kodizea (1772) ere kantatuko ditu.
Hurrengoa, hitzaldia
Hernani Errotzenek ekitaldi gehiago ere antolatu ditu. Hurrengoa, asteazkeneko hitzaldia izango da. Eneko Bidegainek Lurraldea eta herria. Zazpiak bat. Atzo, gaur, bihar hitzaldia emango du 19:30etan, Biterin.