Kale-irakurraldi saio berria antolatu du biharko Hernaniko literatur zale taldeak. Biteriko atarian jarri dute hitzordua 11:30etan, eta hainbat testu irakurriko dituzte 25 boluntariok Kaxkoan barrena, musikak lagunduta.
#lapurreta gai hartuta, kutxazain automatikoetan barrena
Saio honetarako aukeratu duten gaia #lapurreta izan da, eta Hernaniko bost bankuen kutxazainetan egingo dituzte geldialdiak, aurretik aukeratutako testuak irakurtzeko.
Aurrekoetan bezala, oraingoan ere musikak lagunduta egingo dira irakurraldiak, eta hauek ere, lapurretaren inguruko euskal kantuak izango dira.
Denera, 25 irakurle boluntariok hartuko dute parte. Elkarlanean bildutako testuak izango dira errezitatuko direnak, sorta batetik gustoko testua aukeratu ahal izan baitute parte-hartzaileek.
Entzuleen artean, jolasa eta sariak
Saioa literatur zale guztiei irekia dela azpimarratu dute. Hain zuzen, entzuleentzako ere izango da parte hartzeko modua.
Jolas bat proposatu dute; entzuleek asmatu egin beharko dute testu bakoitzaren idazlea zein den, eta trukean, hainbat sari jaso ahal izango dituzte. Besteak beste, ondorengo idazleen testuak entzun ahal izango dira: Eduardo Galeano, Gotzon Barandiaran, Miren Amuriza, Castillo Suarez, Harkaitz Cano eta Leire Bilbao.